17. edizioa
Izateko, sentitzeko, maitatzeko eta bizitzeko hamaika modu, Zinegoaken ikusgai
eitb.eus
Zinegoak Bilboko gaylesbitrans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdiaren 17. edizioko kartelaren protagonista emakume zis baten eta emakume trans baten maitasun istorioa da.
Zinegoak Bilboko gaylesbitrans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdia hasteko aste gutxi falta direnean, antolatzaileek ezagutzera eman dute 17. edizioaren kartela. Mar Saez argazkilariak egin du otsailaren 24tik martxoaren 8ra bitartean ospatuko den jaialdiaren afixa.
Pau Guillen jaialdiaren zuzendariaren hitzetan, "aurten erakutsi nahi genuen sexu-aniztasunaz berba egiten dugunean pertsonen sexu-orientazioaz baino gauza gehiagoz ari garela. Genero-identitateaz edo genero-adierazpenaz ere berba egin nahi dugu, besteak beste".
Aurtengo kartelak ildo horrekin bat egiten duela azpimarratu du Guillenek: "Mar Saezen lanak oso modu baikor eta zuzena eskaintzen digu gai horiei guztiei kalitate estetiko eta artistiko handiko irudiaren bidez heldu ahal izateko".
Irudiaren protagonistak emakume trans bat eta emakume zis bat dira, eta, hain zuzen, "zis" kontzeptu hori lau haizetara zabaldu nahi dute: "Trans terminoa erabili bada jaiotzean esleitutako generoa garatu duten genero-identitatearekin bat ez datozen pertsonak definitzeko, duela urte batzuk zis (zisgenero edo zissexual terminoen laburdura) terminoa erabili zen jaiotzean esleitutako generoa eta identitate sexuala duten pertsonak sartzeko", ohar batean azaldu dutenez.