Itxi

Goya sariak

Raul de la Fuente: '‘El infierno’ bihozminaren erroetan barneratzen da'

Natxo Velez | eitb.eus

Leer en Castellano

Nafar zinemagileak film labur dokumental onenaren Goya saria irabaz lezake larunbatean, “El infierno” Sierra Leonako kartzela batean dituzten bizi baldintza zirtzilak erakusten dituen lanari esker.

Raul de la Fuentek Freetownen filmatu du "El infierno" dokumentala

Raul de la Fuentek esaten duenez, lurrean infernurik bada, Freetownen dago, Sierra Leonako hiriburuan. Han, ankerkeriaren monumentu bihurtu den Pademba Road kaleko kartzelan, 2.300 preso daude bata bestearen gainean metatuta, horietako asko, gaixorik, 300 pertsonarentzat eraiki zuten espazioan.  

“El infierno”k film labur dokumental onenaren Goyarako izendapena ekarri die De la Fuente zuzendariari eta Amaia Remirez ekoizleari (Kanaki Films), Padembako miseria, bidegabekeria eta basakeriara egindako hurbilketa artegatsua nonahi ikusi beharrekoa denez. Lanak garbiro eta errukigabe jartzen du ikuslearen aurrean gizateriak izan beharko lukeenaren beste aldea, baina sufrimendua erakuskeria doakorik eta morborik gabe erakutsita.

Chennuren istorioak besterik ez du argitzen pantaila tarteka: infernu horretatik atera ostean, ahal duen moduan laguntzen die Freetowngo kartzela horretan daudenei eguna joan eguna etorri, De la Fuente Goya sarietara itzuli duen lanak (“Minerita”rekin irabazi zuen, 2014an, eta “Another day of life” animaziozko lanarekin, 2019an) erakusten duen bezala.

Nafar zinemagilearekin hitz egin dugu, hain zuzen, “Another day of life” bere pelikula Oscarretarako izendatuetatik kanpo geratu dela jakin eta minutu batzuetara. Ez dute, beraz, “Minerita”rekin Los Angeleseraino egindako bidea errepikatuko. “Oraingoan ez genuen espero, sail horretan lehian ari ziren pelikulak ikusita”, esan digu.

Nola jakin zenuten Padembako kartzelaren berri? Noiz erabaki zenuten dokumentala egitea?

Fernando Moleres argazkilariaren lanaren bidez jaso nuen toki honen berri, eta dokumentala egiteko asmoa bertan sortu zen, Freetownen. Beste dokumental bat filmatzen ari nintzen bertan, prostituitu beharrean ziren neskatoei buruz, Jorge Crisafulli argentinar salestarrarekin, eta kontatu zidan espetxean ere lan egiten zutela, okerren zeuden presoei laguntzen.

Istorioa interesatu zitzaidan, Jorgerekin batera kartzelara sartu nintzen eta hor hasi zen dena.

Nola deskribatuko zenuke bertara lehen aldiz sartu zinenean aurkitu zenuena? Erreferentzia guztiak labur geldituko ziren ikusitakoaren aurrean…

Denboran oso atzera egin eta haitzulo batean, leize batean, erortzea bezalakoa da. Batzuetan, “Minerita”rekin lotzen dut. Pelikula horretarako, mendi handi baten erraietan sartu ginen, eta oraingoan, “El infierno”n, bihozminaren erroetan barneratu gara. Bertako bizimoduaren presioaren zama sentitzen duzu, oso giro akigarria, oinak barruan jarri eta berehala presoen etsi gaiztoa igartzen baituzu.

Lehenengoan, kamerarik gabe sartu nintzen, Jorge Crisafullirekin, eta halakorik sekula ikusi gabea nintzen. Muturrekoa zen presoen egoera: gose ziren, batzuek 36 kilo zituzten… Ikaragarria da, eta arreta ematen dizu etsipenak, bisaiek, gaixotasunek, nola jotzen zuten Jorgeren gainera laguntza eske…

Nahiko harrituta geratu nintzen, eta handik egun batzuetara itzuli ginen kartzelara, kamerak aldean.

Kamerak hartuta ikusi zintuztenean, zer bilatzen zuten presoek zuengan?

Don Bosco Zambul Jorgek gidatzen duen taldearen laguntza eskuratu ahal izatea zen beren lehen asmoa, nik uste. Egoera txarrenean dauden presoei, elikadura osagarria, osasun zerbitzuak eta liburutegirako sarbidea ematen dizkiete, besteak beste.

Gainera, nolabaiteko atrakzioa ere baginen, zabarkeriak eta errutinak markatutako egunerokoan. Une jakin batean, gurekin zegoen zaindariak arreta galdu zuen, eta presoek gordeta duten amorrua askatu zuten: kameraren aurrean, askatasuna eskatu zuten oihuka, beren auzia ezagutarazteko.

Hor barruan, badago hainbat urtez preso eramanagatik epailearen aurretik pasatu ez den jende piloa, errugabeak diren asko daude, eta adingabeak, helduen kartzela batean. Sierra Leona atzekoz aurrera dagoen herrialdea da; errugabea zarela frogatu behar duzu bertan, ez erruduna zarela. Hango jende asko ustezko hiltzailearen ezizen bera edukitzeagatik dago bertan, krimen bat izan ostean beti atxilotzen dute norbait eta beti egozten diote errua. Oso toki groteskoa da, eta ez da zaila bertan jaustea.

Polizia kaleko umeen atzetik ibiltzen da, adibidez, eta, bi aldiz inguru berean hara-hona topatzen badituzte, Padembara bidaltzen dituzte. Frequency delitua leporatzen diete.

Don Bosco Fambuli lagundu. Raul de la Fuentek azaldu digunez, erraz samarra da gazteak Padembako infernutik ateratzea. Askotan, trafiko isunak jarri dizkietelako edo frequency delitua leporatuta preso daudenen fidantza 150 euro ingurukoa izaten da. “El infierno”ko lantaldeak Don Bosco Fambul Sierra Leonan lanean ari den elkartearekin egin du lan. Haien programei buruzko informazio guztia beren webgunean dago, eta diruz laguntzeko aukera ere ematen du

Zer jarrera izan zuen zuekin kartzelako administrazioak? Bitxia da halako toki bat erakusteko eragozpenik ez jartzea.

Beraientzat ez da horren larria izango, erakusteko eragozpenik jartzen ez dutenez gero. Sartzeko eta grabatzeko baimena izateko meritua Jorge Crisafullirena da, bere lanak kartzelakoen errespetua ekarri baitio.

Kontua da berari eta salestarrei esker jende askok bizirik jarraitzen duela. Fidantzak eta abokatuak ordaintzen dizkiete adingabeei, jatekoa eramaten dute egunero, eta edateko ura eraman dute kartzelara, erizain lanak egiten dituzte… Administrazioarentzat mesedegarria da Don Bosco Zambul hor egotea.

Harreman estua dute Jorgerekin, eta horregatik utzi digute bertara sartzen.

Chennu, "El infierno" dokumentaleko argia

Chennu dokumentalaren ardatza da, baita bertako itxaropen argi bakarra ere. Nolako harremana izan duzue berarekin?

Chennu gabe, ez dut uste pelikula hau egingo nuenik. Kartzelara sartu ginen lehenengo aldian, Sierra Leonako espetxe sistemaren estoldetan sartu ginen, baina nik ez nuen sakondu nahi galdukerian, miserian. Ihes egin nahi nion muturreko voyeurismo horri, eta hara heldu eta hori bakarrik filmatzea ez da pelikula bat egitea.

Ikuspegi bizizale batetik kontatu behar nuen, eta horrela ezagutu genuen Chennu. Jorgerekin batera egiten du lan, egun batean trasteak-eta kartzelara eramaten lagundu zigun, eta esan zidan bera ere barruan egondakoa zela.

Orain, boluntario gisa dihardu bertan, berak sufritu zuena bizitzen ari den jendearekin. Ia egunero itzultzen da, diru saririk jaso gabe, besteei laguntzeko, eta heroi bat zela iruditu zitzaidan, aingeru bat ilunpean: aholkuak ematen ditu, animoak, jatekoa banatzen du, futbolean aritzen da, fidantzak ordaintzen ditu bere soldatarekin…

 “Minerita” bezala, oso dokumental lehorra da, artifiziorik gabea, eta ikuslea kolpatzen du. Lan dokumentaletan zure estiloa garatu duzula esango zenuke edo istorioaren aginduetara jartzen zara?

Ez dakit, jende askok esan dit nire pelikuletako bat ikusten duenean badakiela nirea dela, eta horrek ilusioa egiten dit. Atzean zigilu edo marka bat dagoela adierazten du. Ez dut horrelakorik sortzeko asmo berezirik, baina esango nuke badagoela zerbait.

Egia da bai “Minerita” bai “El infierno” oso gogorrak direla, baina “Nomadak TX” lanak ez du horrelako tonu gogorrik, ezta “Another day of life”k ere.

Nire ustez, istorio bakoitzaren arabera moldatzen naiz eta neure bidea bilatzen dut hor, baina aitortzen dut nire lan guztiak egile berarenak direla igar daitekeela eta ondo iruditzen zait hori.

Bi urtez filmatu duzu “El infierno”. Nola eragiten dio norbere buruari horrenbeste denboran murgiltzea gaixotasunean, miserian, duintasunik ezean eta bidegabekerian?

Zaila izan da. Horrelako bidaietatik, beti ekartzen duzu motxila moduko bat, baina gogorren jo nauen pelikula izan da oraingoan. Kartzelara sartu nintzen lehenengo aldian, shock egoeran irten nintzen, eta gauez ezin nuen lorik egin: kartzelatik kilometro batera bizi nintzen, eta ezin izaten nion pentsatzeari utzi iluntzero abusuen erritual ankerra hasten zela.

Agerikoena izan da lehen filmatze saiotik bueltan editatze gelara sartzen saiatu nintzela, beti bezala, handik ekarritako energia aprobetxatzeko, eta ezinezkoa egin zitzaidala. Irudiak irekitzen nituen, eta barruko usaina gogoratzen nuen. Ezin nintzen editatzera eseri, lurreko kolore gorri-horiek larritu egiten ninduten eta lan egiteari utzi behar izaten nion. Sekula ez zait horrelakorik gertatu.

Materiala beratzen utzi behar izan nuen, denbora batez, eta oso lagungarri egin zitzaidan fokua Chennurengan jartzea, bera protagonista izatea eta gidoia berarengan pentsatzen idaztea. Istorioa zabaldu egin zen, eta, berarekin batera, argia sartu zen.

Ikusi du Chennuk pelikula?

Bai, lagun onak gara. Goyak emateko galara etor zedin saiatu gara aldez edo moldez, baina ezinezkoa izan da. Bisa behar zuen, baina, kartzelan egon eta gero aurrekari penalak dituenez, burokraziarekin talka egin dugu.

Ikusi du, eta asko gustatu zaio. Harremanetan jarraitzen dugu berarekin eta bertako beste lagun batzuekin, WhatsAppeko talde batean. Are gehiago, laster itzuli nahi dugu, espero baitugu hau guztia hazia izatea bere bizitzan eta beste hainbat pertsonaren bizitzan oinarritutako fikziozko film baterako.

Bi Goya sari irabazi dituzu, Europako zinemaren sari bat, Oscarretarako izendatuta egon zara, Goyetan zaude berriz ere… Zer ematen diete sariek filmei?

Egile gisa, zure lana aitortzea dakarte, eta gezurretan arituko nintzateke inporta ez zaizkidala esanez gero. Aintzat hartzen ditut, eta uste dut istorioak dagokien tokian jartzen dituztela, pertsona askok ezagutzeko moduan.

Gainera, niretzat, Amaiarentzat eta Kanaki Filmsentzat berme moduko bat dira gure hurrengo istorioei begira, besteak beste, erakundeen begietara. Eusko Jaurlaritzak ia beti lagundu digu, ETBk “Nomadak” eta “Another day of life” filmetan egin du… Eta uste dut finantzatzen gaituztenentzat baliagarria izango dela gure istorioak Cannesen estreinatzea edo Europako zinema sari bat irabaztea.

Albisteak (1)