Otsailaren 24an
Pepa San Martin txiletar zuzendariak jasoko du Zinegoakeko ohorezko saria
eitb.eus
Otsailaren 24an emango diote saria, Arriaga antzokian, Bilboko Gaylesbitrans Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren inaugurazio galan.
Zinegoak Bilboko gayslesbitrans zinema eta arte eszenikoen nazioarteko jaialdiak Pepa San Martin zuzendari txiletarren "zinema konprometitu eta ahaldundua" aitortuko du, 17. edizioaren ohorezko saria berari emanez.
Pau Guillen Zinegoak jaialdiko zuzendariak azaldu duenez, "mundua eraldatzeko arma gisa ulertzen ditu San Martinek zinema eta kultura".
Curicó hirian jaiotakoa, 1974. urtean, San Martinek La Ducha eta Gleisdreieck zuzendu zituen 2011n eta 2012an, eta emakume lesbianei eman zien bertan narrazioaren espazio nagusia, lotura afektibo sakon eta konplexuak deskribatzeko.
2016an, Rara, bere lehen film luzea, kaleratu zuen eta arrakasta lortu zuen publikoaren eta kritikaren artean, besteak beste Donostiako Zinemaldiko Horizontes Latinos saria jasota.
Pau Guillen Zinegoak jaialdiko zuzendariaren arabera, "Pepa San Martinen filmografiak eskema zaharrak irauli nahi ditu, elkarrizketak irekitzen dituen bitartean". Era berean, Txilen emakumeen eskubideen eta parekidetasunaren alde emandako urratsak nahikoak ez direla aldarrikatzen du zinemagileak, jaialdiak ohar batean azaldu duenez.
Otsailaren 24an jasoko du saria, Arriaga antzokian egingo duten inaugurazio galan jasoko du. Aurretik, hilaren 23an, Rara bere filma proiektatuko da, 19:00etan, BBK Salan, eta otsailaren 26an maisu eskola bat eskainiko du Euskal Herriko Zinema Eskolan, EHZE.
Epaimahaiak
Halaber, sail ofizialeko hiru sailetako (Fik, Dok eta Krak) epaimahaikideen izenak ere jakinarazi ditu jaialdiak.
Fik epaimahaia osatuko dute Eneko Sagardoy aktoreak, Juan Zapater BilbaoArteko zuzendari eta zinema kritikariak eta Frida Barbarak; Dok epaimahaia Tania Arriagak, Valeria Vegasek eta Andres Duquek; eta Kraken izango dira Aimar Arriola, Nuria Castellote eta Antoni Hickling.