Itxi

Goya sariak

Jon Serrano: 'Hobe da gure lana oharkabean joatea'

Natxo Velez | eitb.eus

Leer en Castellano

Serrano Goyetarako izendatu dute, hirugarrenez, David Herasekin batera “La trinchera infinita” filmeko efektu berezietan egindako lanagatik oraingoan.

Jon Serrano hirugarrenez dago Goya sarietarako izendatuta

Film dirdiratsua da La trinchera infinita, bere iluntasun ia erabatekoan, besteak beste, arlo dramatikoan (Jose Mari Goenaga eta Luiso Berdejoren gidoi biribil eta txinpartaduna), artistikoan (Antonio de la Torre, Belén Cuesta eta Vicente Vergararen interpretazio zoragarriak) eta, nola ez, teknikoan egindako lan ederrengatik.

Horren erakusgarri da larunbatean Malagan banatuko dituzten Goya sarietarako hamabost izendapen lortu dituela; besteak beste, Jon Serrano Serván La trinchera infinita laneko efektu berezi fisikoen arduradunarena. Azken hiru urteetan erritu bihurtu du, gainera, gipuzkoarrak Espainiako Zinema Akademiaren sarietarako izendapena.

Serranok, Mariano Garciarekin batera Drama FX enpresaren sortzaileak, Goya irabazi zuen 2018an Handia filmean egindako lanagatik, Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako lanaren gau arrakastatsu eta gogoangarrian, eta 2019an ere egon zen izendatuta, Errementari pelikulako efektu bereziengatik.

Aurten ere, Serranok efektu berezi errealen ardurapean eta David Heras efektu digitalen arduradunak osatu duten bikote profesionala izendatu dute, eta berarekin hitz egin dugu.

Bi urtez izendatuta egon eta gero, espero zenuen hirugarren hau?

Gezurra esango nizuke pentsatu ez dudala esango banizu. Inoiz ez da jakiten zer gertatuko den, baina zain nengoen Moriartiren filmik onena iruditzen zaidanaren aurrean.

Handia-n, Errementari-n bezala efektu bereziak funtsezkoak ziren film batean, ere lan egin zenuen Mortiartiko hirukotearekin (Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga). Nola aldatu da lan egiteko modua La trinchera infinita-n?

Egia esan, denbora asko daramagu elkarrekin lanean, zinema eskolatik irten ginenetik, eta erronka berri bat eta plazer handia izaten da beren proiektu bakoitza. Oso zorrotzak dira hirurak, eta detaile batek ere die ihes egiten.

Oraingoan, kontua zen publikoari oharkabean joatea gustatuko litzaizkigukeen efektu txiki asko egitea: Higinio putzutik irteten deneko kea eta sutea, sartzen diren artaziak, sugarrak, surik hartzen ez duten hezurrak, sua hartzen duen ohea, lurpetik ateratzen den hilotza, Mauser fusilaren tiroak, bala kolpeak urpean…

Nola hartzen duzue parte pelikulan, filmatu aurretik, filmatzean bertan eta filmatu ondoren?

Gidoia ematen digutenean hasten da dena. Mariano García bazkideak eta biok irakurtzen dugu, eta efektu berezi fisikoa iruditzen zaigun guztia bereizten dugu.

Hori guztia zuzendaritza taldearekin komentatzen da, ados gaudela eta guri dagokigun sekuentzia guztien inguruan ikuspegi bera dugula egiaztatzeko. Jarraian, ekoizleei aurkezten diegu, aurrekontu modura.

Gurekin batera FX (efektu berezi) batean nahasita dauden arloekin harremanetan jartzen gara, eta Drama FXek Donostian duen lantegian lanean hasten gara guztia prestatzen.

Ondoren, logistika, FXetako teknikarien taldeak, materiala eta ibilgailuak antolatzea besterik ez da gelditzen. Eta filmatzen hasi.

Nola egiten duzu lan David Herasekin?

Beti da “erraza” Davidekin lan egitea; are gehiago orain, ederto ezagutzen baitugu elkar. Ahalik eta modurik errazenean azaltzeko, lehenik eta behin bilera bat egiten dugu, irakurri dugunari buruzko ikuspuntuak alderatzeko.

Hortik aurrera, bakoitzak zer egingo duen zehazten dugu; hau da, mendi batean elurra ari duela ikusarazi behar badugu, paisaiaren lehen ehun metroak elur artifizialarekin egingo ditugu, fisikoki, eta gainerakoa Davidek egingo du VFX bidez.

Besteak beste, El hoyo filma ere dago zuen sail berean izendatuta. Ikusi duzu Mario Campoy eta Iñaki Madariagaren lana? Zer iruditu zaizu?

Bai, ikusi dut El hoyo, eta gozatu egin dut. Pelikula interesgarria iruditzen zait, eta erraz harrapatzen zaitu. Pozik nago Euskadiko zinema une goxo hau bizitzen ari delako. Ez dadila kea izan, eta jarrai dezagula aurrera egiten.

Efektu berezien arloan, zer lanek eman dizute arreta azkenaldian?

Hainbeste zinema eta telesail kontsumitzen dut nire aisialdi apurrean, non zaila baitzait aukeratzea. Baina, esaterako, hauen atzean lan handiak daudela iruditu zait: 1917, Watchmen (telesaila), El irlandés, The boys, Vikingos...

Digitalizazioak efektu berezien erabilera merkatu eta areagotu du. Zein da sekretua efektu bereziak ondo erabiltzeko?

Inoiz ez dugu jakiten efektu hau edo bestea nahi dugun bezala geldituko ote den, filmean integratuta ikusi arte. Egia da FX batzuk askotan egin ditugula, eta hor ez da dudarik izaten, badakigu nola egin zerbaitek benetakoa emateko.

Izan ere, azken finean, horretan datza, zerbait benetan gertatzen ari dela irudikatu behar dugu, eta ez gu hori simulatzen ari garela. Onena litzateke pelikula ikustean inork ez pentsatzea: “Hara, zer ondo gelditu den efektu hori!”.

Hobe da gure lana oharkabean joatea, pelikulan parte hartu ez dugula ematea.

Nola biziko duzu urtarrilaren 25eko gaua?

Bada, urduri eta emozioz. Topikoa ematen du, baina egia da.

Pelikula oso handiekin ari gara lehian, baina ez dugu esperantza behar baino lehenago galduko. Izendatuta egote hutsa geure buruarekin pozik egoteko modukoa da.

Gehienbat, ondo pasatzera noa, eta galaz, lagunez eta Malagaz disfrutatzera. Bide batez, La trinchera infinita izendatuta dagoen sailetako batean saritzen badute, ondo baino hobeto. 

Albisteak (2)