Itxi

Gala, larunbatean

Euskal zinema Malagara begira, Goyen zain

N.V. | eitb.eus

"La trinchera infinita" filmak hamabost izendapen bildu ditu larunbatean, urtarrilak 25, Malagan Espainiako Zinema Akademiak banatuko dituen sarietan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Euskal zinema indartsu agertuko da aurten ere Goya sarien galan. Malaga Andaluziako hiriak hartuko du oraingoan Espainiako Zinema Akademiak banatzen dituen sarien hogeita hamalaugarren edizioa.

“La trinchera infinita” Espainiako Gerra Zibilaren osteko satorrei (frankisten errepresalien beldur etxean hogeita hamar urtez ere giltzapetu zirenei horrela esaten zieten) buruzko film hunkigarriak hamabost izendapen bildu ditu, tartean film onenarena, zuzendaritza onenarena, gidoi onenarena eta emakumezko eta gizonezko aktore protagonista onenena (Belén Cuesta eta Antonio de la Torre).

Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga 2018ko Goyen galan “Handia”rekin hamar sari bilduta erratza pasatu zuen hirukotearen pelikulak, gainera, hainbat sari eskuratu ditu dagoeneko Goyen atarian, sari-emaileen gustukoa den erakusgarri, Donostiako Zinemaldian (zuzendaritza eta gidoi onenak) eta Forqué sarietan (film onena), adibidez. Akademiak, izendapena aitortuta, egikera bikaineko film beharrezko eta zirraragarri honen beste zenbait arlotan egindako lana ere hartu du aintzat, esaterako musika (Pascal Gaigne), efektu bereziak (Jon Serrano eta David Heras) eta argazkilaritza zuzendaritza (Javi Agirre).

Larunbatean, beste bi euskal film ere izango dira sarietarako bidean: “Ventajas de viajar en tren” komedia, Aritz Moreno zuzendari berri onenaren sarirako izendatuta dagoen donostiarraren lehen film luzea, eta “El hoyo” zientzia-fikzioa eta zinema politikoa uztartzen dituen lana, zeinak izendapena ekarri baitio, sail horretan bertan, Galder Gaztelu-Urrutia bizkaitarrari ere bere lehen filmean.

“Ventajas de viajar en tren” komedia onenaren Feroz sariaren irabazleak beste Goya sari batzuk irabaz litzake larunbatean: gidoi egokituarena (Javier Gullón, Antonio Orejudoren eleberria zinemara eramatearren), zuzendaritza artistiko onenarena (Mikel Serrano) eta makillaje eta ile-apainketa onenarena (Karmele Soler eta Olga Cruz).

 “El hoyo”k, bestalde, David Desola eta Pedro Riveroren izendapena (jatorrizko gidoi onena) eta Mario Campoy eta Iñaki Madariagarena (efektu berezi onenak) gehitu dizkio Gaztelu-Urrutiarenari.

Goyen lagun zaharrak

Horrez gain, zinemaren hainbat euskal profesionalek sari hauekiko idilio zaharra berrituko dute aurtengoan. Karra Elejalde izendatuta dago ostera ere (laugarrenez, eta birritan irabazi du), “Mientras dure la guerra” Alejandro Amenabarren filmean, izendapen gehien (17) bereganatu dituen lanean, Miguel de Unamunorena egitearren.

Izendapen gehien dituzten filmen zerrendan hurrengoa “Dolor y gloria” Pedro Almodovarren filma da, 16 dituela, eta horrek ere badu euskal ordezkaririk: Alberto Iglesias donostiar musikaria (hamaikagarren Goya izango luke), Asier Etxeandia bilbotar musikari eta aktorea (bigarren mailako gizonezko aktore onena) eta Antxon Gomez (zuzendaritza artistiko onena), Europako zinemaren sariaren irabazlea lan horregatik beragatik.

Margolari baten izena duten zinema sari hauen aspaldiko laguna da Raul de la Fuente ere, aurten film labur dokumental onenaren Goyarako izendatuta dagoena Pademba Road Freetowngo (Sierra Leona) kalean dagoen espetxeko presoen “ez-bizitza” kontatzen duen lan izugarriagatik. Nafar zinemagileak bi Goya irabazi ditu dagoeneko, “Minerita” Oscarretan ere izendatuta egon zen lanarekin lehenengo eta “Another day of life” animaziozko pelikula txalotuarekin iaz.

Sarirako lasterketan izango dira, halaber, Ainhoa Santamaria (emakumezko aktore berri onena, “Mientras dure la guerra”gatik), Gaizka Urresti (film dokumental onena, “Auterretrato”) eta “Elkano, lehen mundu bira” (animaziozko film onena).

EiTB, Goya sarietan

EiTBk ekoitzi dituen filmek 27 izendapen pilatu dituzte guztira: “La trinchera infinita”k hamabost, “Ventajas de viajar en tren”ek lau, “O que arde” galiziarrak lau, “El hoyo”k hiru eta “Elkano, lehen mundu bira”k bat.

Albisteak (6)

Bideoak (1)