Itxi

Martxoaren 7tik aurrera

Artium museoak zinema feministaren historiari buruzko ziklo bat antolatu du

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

"Hasieratik. Zinema feministaren istorioak" ekimenak emanaldi bat eskainiko du hilero, martxotik ekainera eta urritik abendura.

"Watermelon woman" Cheryl Dunyeren filmak itxiko du zikloa, 2020ko abenduan.

Artium Arte Garaikidearen Gasteizko Euskal Zentro Museoak 'Hasieratik. Zinema feministaren istorioak' izeneko egitaraua hasiko du larunbatean, martxoaren 7an. Zikloa Artium Museoaren eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Donostiako Nazioarteko Zentroaren arteko lankidetza da.

Zikloak zazpi saio izango ditu, hilean bat, martxotik ekainera eta urritik abendura. Lehen saioa larunbatean izango da, martxoaren 7an, 18:00etatik aurrera. Lur Olaizola zinemagile eta Tabakalerako Ikus-entzunezkoen koordinatzaileak aurkeztuko du, eta zinemagintzan aitzindari izan ziren zuzendariei eskainiko zaio, hasieratik zinemagintzaren hizkuntza eraikitzen lagundu zutenei: Alice Guy, Germaine Dulac eta Maya Deren.

Alice Guyren bi film labur proiektatuko ditu lehen saioan: 'Les résultats du feminisme' (Feminismoaren ondorioak, 1906) eta 'Madame a des envies' (Andreak gurariak ditu, 1906). Gainera, Germaine Dulacen 'La souriante Madame Beudet' (La sonriente señora Beudet, 1923) eta Maya Derenen 'At Land' (Lehorrean, 1946) film labur mutu surrealistak ere proiektatuko dira.

Apirilean, 'Saute ma ville' (Lehertu zaitez nire hiria) Chantal Akermanen lehen film laburra eta Vera Chytilova txekiarraren 'Daisies' (Bitxiloreak) luzea proiektatuko dira.

Maiatzeko saioa Agnes Varda zuzendariari buruzkoa izango da, eta ekainean, Callisto McNultyren 'Delphine et Carole, insoumuses' (2019) dokumentala proiektatuko da.

Azkenik, uda igarota, Laura Mullveyren eta Peter Wollenen 'Riddles of the Sphinx' (Esfinjearen igarkizunak, 1977) filma proiektatuko da urrian, Mirentxu Loyarteren 'Euskal emakumeak' (1981) eta Lizzy Bordenen 'Born in flames' (1983) azaroan eta Cheryl Dunye zuzendariaren 'The Watermelon Woman' (Angurri-emakumea, 1996) abenduan.

Saio guztietarako bonua 10 euroan eros daiteke, eta saio bakoitzeko sarrerak 2 euroan.