17. edizioa
“Nech je svetlo” eslovakiar filmak irabazi du Zinegoakeko Sari Nagusia
eitb.eus
Bilboko Gaylesbitrans Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren aurtengo film sarituek ezaugarri nagusi bi izan dituzte: indarkeria heteropatriarkalaren salaketa eta sexu aniztasunaren aldarria.
Zinegoakek, Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak aurtengo edizioan, 17.ean, saritutako lanen berri eman du. Marko Škop zuzendariaren Let there be light (Nech je svetlo) film eslovakiarrak eskuratu du Zinegoak 2020 Sari Nagusia.
Škopen lanak, FIK saileko irabazleak, Europa erdialdean gorrotoaren diskurtsoek eta homofobiak izan duten gorakada salatzen du, eta, epaimahaiak nabarmendu duenez, "pelikula honek gizarte patriarkal eta militarista honen mekanismoak agerian uzten ditu. Horien eraginez aniztasuna isilarazi eta zigortzen dute, desirak mugatuz eta pertsonak askatasun barik bizitzera kondenatuz".
FIK saileko epaimahaiak, gainera, aipamen berezia eman dio Sócrates Alexandre Moratto zuzendariaren film brasildarrari.
DOK sailari dagokionez, El viaje de Monalisa Nicole Costa txiletarraren lanak irabazi du, eta KRAK narratiba berriekin lotutako kategorian, So Pretty Jessie Jeffrey Dunn Rovinelliren lana izan da irabazlea.
Chechnya Jordan Goldnadelen film laburrak Aniztasuna eta Giza Eskubideen saria eskuratu du, "errusiar errepublika honetan gertatzen den giza eskubideen krisia agerian uzten duelako, eta aipamen berezia eman diote Indianara dokumentalari.
Epaimahai Seniorraren Saria Rani Hammad Rizviren film laburra irabazi du, eta aipamen berzia eman diote Min Värld I Din Jenifer Malmqvisten lanari. Prisoner of Society Rati Tsiteladzeren film laburrak lortu du Gazte Epaimahaiaren Saria, eta Tiago Minamisawa, Bruno H. Castro eta Guto BR zinegileen Sangro film laburrak aipamen berezia.
KC Cory zuzendariaren Bodies like oceans film laburrak irabazi du Lesbianismo eta Generoaren Saria, Publikoaren Film labur Onenaren Saria, Mi pequeño gran samurai Arantza Ibarrak zuzendutako filmak irabazi du, eta Euskal Aktore eta Aktoreen Batasunak ematen duen Interpretazio Onenaren Saria Silvana Mihai aktoreak ereman du, Câteva conversa¿ii despre o fata foarte înalta lanaean egindako lanagatik.