Donostia saria 2011
Glenn Close, interpretazioari lotutako biografia
Erredakzioa
Irailaren 18an Donostia Saria jasoko du Glenn Close aktore beteranoak.
Jagged Edge, Reversal of Fortune, Dangerous Liaisons, Hamlet eta beste hainbat filmetan egindako lanagatik da ezagun Glenn Close aktore estatubatuarra. Datorren irailaren 18an Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak bere ibilbidea omenduko du, Donostia saria emanda.
Glenn Closek The World According to Garp George Roy Hillek zuzendutako filmean egin zuen debuta eta Oscar saria irabazteko proposatu zuten. Geroago ere hautatu zuten Oscar sarietarako The Big Chill (Lawrence Kasdan), The Natural (Barry Levinson), Fatal Attraction (Adrian Lyne), eta Dangerous Liaisons (Stephen Frears) filmetan egindako lanagatik.
Gainera, hamar aldiz proposatu dute Urrezko Globoa eskuratzeko, eta telefilmetako emakumezko aktore onenaren saria lortu zuen, The Lion in Winter Andrei Konchalovskyk egokitutako telesailean egindako antzezpenagatik. Telebista-proiektuengatik hamabi Emmy saritarako proposatu dute eta bat eskuratu zuen, Serving in Silence: The Margarethe Cammermeyer Story Jeff Bleckneren telefilmean Margarethe Cammermeyerrena egiteagatik.
Jagged Edge (Richard Marquand zuzendariarena), Reversal of Fortune (Barbet Schroeder), Hamlet (Franco Zeffirelli), Meeting Venus (István Szabó), The Paper (Ron Howard), 101 Dalmatians (Stephen Herek), 102 Dalmatians (Kevin Lima), Air Force One (Wolfgang Petersen), Cookie''s Fortune (Robert Altman), The Safety of Objects (Rose Troche), Nine lives (Rodrigo García), Le Divorce (Merchant Ivory), Heights (Chris Terrio), Things You Can Tell Just by Looking at Her (Rodrigo García) eta Evening (Lajos Koltai) lanek ere osatzen dute bere filmografia.
Antzerkian egin dituen lanen artean Love for Love (Harold Prince ), The Crucifer of Blood (Paui Giovanni) eta The Singular Life of Albert Nobbs (Simone Benmussa) daude. Sunset Boulevard (Andrew Lloyd) musikalean egindako lanagatik hainbat sari eskuratu zituen, tartean, Tony saria, Drama Desk saria, Los Angeleseko Drama Critics Circle saria eta Drama-Logue saria.