Kargatzen...
Itxi

Irailaren 10era arte

George Clooneyk ireki du Veneziako Mostraren 68. edizioa

Erredakzioa

Madonnak 'W.E.' aurkeztu du gaur, zuzendari gisa kaleratzen duen bigarren pelikula eta Sail Ofizialean Roman Polanskiren txanda izan da, 'Carnage' lan berriarekin.

Your browser doesn’t support HTML5 video

George Clooney aktore eta zuzendariak ireki du Veneziako Mostraren 68. edizioa. Irailaren 10era arte, zinema izango da nagusi kanalen hirian, eta 23 film izango dira Sail Ofizialean lehian, tartean Clooneyren 'The ides of march'. Zuzendari gisa egin duen laugarren film luzea da, eta, gainera, aktore eta gidoilari lanetan ere aritu da bertan.

Ryan Gosling (pelikulako protagonista) ez da Veneziako aurkezpenean izan, baina Clooneyk Philip Seymour Hoffman, Paul Giamatti, Marisa Tomei eta Evan Rachel Wood izan ditu lagun prentsaurrekoan.

AEBetako presidentetzarako hautagaiarentzat lan egiten duen komunikazio aditu gazte baten istorioa dakarkigu pelikulak. Clooneyren esanetan, politikatik gutxi du filmak, eta moraltasuna (edo moraltasun eza) da lanaren oinarria. Desira, boterea era mesedeak nahasten dira bertan, eta, erantzunak baino, galderak plazaratu nahi izan dituela esan du zuzendariak.

Madonnak W.E. lana aurkeztuko du Venezian, artista ezagunak zuzendu duen bigarren filma. Eduardo VIII.a erregearen eta Wallis Simpson estatubatuarraren maitasun istorioa dakarkigu zintak.

Sail Ofizialean, berriz, Roman Polanskiren txanda izango da, 'Carnage' lan berriarekin. Suitzan, etxean giltzapean zela, landutako gidoia da, eta Kate Winslet, Jodie Foster eta Christoph Waltz ditu protagonista.

Aurpegi ezagun gehiago

Irailaren 10era arte, ez dira faltako aurpegi ezagunak Veneziako Mostran. Besteak beste, Al Pacino, Kate Winslet, Matt Damon, Gwyneth Paltrow, Keira Knightley eta Colin Firth espero dituzte bertako aurkezpen, festa, gala eta alfonbra gorrietan.

Albisteak (1)

Bideoak (1)