Itxi

88 urte zituela

Cliff Robertson aktorea, Spidermanen 'Ben osaba', hil da

Erredakzioa

'Charly' filmean egindako lanagatik Oscar sari bat irabazi zuen 1968. urtean. Familiak jakitera eman duenez, berez hil da.

Cliff Robertson aktorea hil da. Argazkia: EFE

Charly filmean egindako lanagatik 1968. urtean Oscar sari bat irabazi zuen Cliff Robertson igande honetan zendu da, 88 urte zituela, familiak jakitera eman duenez.

Robertsonek 50ko hamarkadan hasi zuen bere ibilbidea, telebistan eta antzerkian lortutako pertsonaiekin. Bere une garrantzitsuena Charly filmeari esker heldu zen. Buruko ezgaitasun bat zuen gizonezko bati ebakuntza bat egiten diote eta honen ondorioz, jenio bihurtzen da. Paper honek 1968. urtean Oscar sari bat irabaztea ekarri zion.

1977. urtean ika-mika piztu zen. Komunikabideek salatu zutenez, Columbia Pictures produktoreko presidenteak 10.000 dolarreko txekean Robertsonen sinadura faltsutu zuen.

Eskandulua zabaldu zenean, lan barik geratu zen Robertson eta horren ondorioz, telefono konpainiako bozeramaile ardurak hartu zituen. 1981. urtean zinemara itzuli zen eta Brainstorm filmea grabatu zuen.

1957an Cynthia Stone Jack Lemmonen emazte ohiarekin ezkondu zen. Alaba bat izan zuten, Stephanie, eta banandu ostean, Dina Merril aktore aberatsarekin ezkondu zen berriro. Beste alaba bat izan zuten, Heather, eta 1989. urtean banandu ziren.

Azken urteetan Spiderman filmeetan "osaba Ben" papera egin zuen eta horregaitik ospea lortu zuen gazteen artean.