Itxi

Fantasiazko Zinemaren Jaialdia

'Baby' elkarrizketarik gabeko ipuina aurkeztu du Sitgesen Bajo Ulloak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Gasteizko zuzendariak azaldu duenez, errodatzen eta muntatzen ari zen bitartean dekoratuak eta pertsonaiak kentzen hasi zen, eta testuak ere kentzen amaitu zuen, "zinema-elementu soiletan" utziz.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Juanma Bajo Ulloa zinemagile gasteiztarrak "Baby" bere azken pelikularen mundu mailako estreinaldia egin du gaur Sitgesen, Fantasiazko Zinemaren Nazioarteko Jaialdian, bertako Sail Ofizialean lehiatuz, eta artea "erraietatik" atera behar dela aldarrikatu du, "emoziotik".

Estreinaldiaren aurretik eman duen prentsaurrekoan adierazi duenez, "barru-barruan" zituen irudiekin emozio hori agertu nahi izan du filmean, subkontzientean dauden oroitzapen batzuk "mingarriak" izan arren.

Rosie Day ("Outlander", "Blackwood"), Harriet Sansom Harris ("Phantom thread", "Desperate housewives"), Natalia Tena ("Gama of thrones", "10.000 km"), Charo Lopez ("Secretos del corazón") eta Mafalda Carbonell ("Vivir dos veces") ditu protagonista filmak, eta droga mendekotasuna duen emakume gazte baten istorioa kontatzen du. Krisi baten erdian erdituko den emakumea ez da gai izango jaioberriaz arduratzeko, eta haur salerosketan aritzen den emagin bati salduko dio. Damututa, baina, haurra berreskuratzen saiatuko da. Saiakera horretan, erortzear den etxe batean amaituko du, pertsonai arraroak bizi diren tokian.

Gasteizko zinema-zuzendariak azaldu duenez, ipuin honen azalpenean, oinarrira jotzea zela onena pentsatu zuen, eta horregatik, errodatzen eta muntatzen ari zen bitartean dekoratuak eta pertsonaiak kentzen hasi zen, eta testuak ere kentzen amaitu zuen. Azkenean, "zinema-elementu soilak utziz": argia, soinua, isiltasuna, musika...

Hitzik ez egotea, gainera, "ikuslearenganako konfiantza keinua" dela uste du Bajo Ulloak, badakielako "metaforak ulertuko dituela".

Basoaren erdian dagoen etxeak ipuin gotikoak ekartzen ditu gogora. "Naturak barneratu eta ia organismo bizi bihurtutako etxea dirudi" eta "natura, bere degradazioan ere, ederra" dela hausnartu du.

"Erabili eta maitatzearen arteko ezberdintasuna" ere nabarmendu nahi izan du filmean.

Besteak beste, 'Alas de mariposa' eta 'La madre muerta' bere pelikula pertsonalenetan erabilitako kontzeptuetara itzuli ote den galdetuta, Bajo Ulloak azaldu du oinarria ez dela "inoiz joan" baina zaila dela film bat "askatasun erabatekoarekin sortzea", "kontserbadorea den industria batean".

Hala, kreatibitateak laguntzen dion bitartean proiektu pertsonalak egiten jarraituko duela iragarri du, eta "egin ditzakedan ganberrokeria guztien gain" gehitu du.

Bideoak (1)