Zinema jaialdia
Beldurrezko eta Fantasiazko zinemarekin hitzordua, Donostian
Erredakzioa
20 film luze eta 15 film labur lehiatuko dira aurten Sail Ofizialean. Gainera, 'The Prodigies' filma 3Dtan ikusteko aukera egongo da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Hemen da Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XII. Astea. Azaroaren 4ra arte, beldurrezko eta fantasiazko zinemazaleek hitzordua dute Gipuzkoako hiriburuan, generoa jorratzen duten hainbat film luze eta film labur ikusteaz gain, erakusketekin eta kaleko zenbait jarduerarekin gozatzeko aukera izango baita Donostian.
Sail Ofiziala
20 film luze lehiatuko dira aurten Sail Ofizialean, Publikoaren Saria (6.000 euro) eskuratzeko. Besteak beste, 'Lobos de Arga', 'Attack the Block' eta 'Troll Hunter' lanak izango dira lehian.
Sail Ofizialeko film laburrak, bestalde, 15 izango dira, eta hiru sari eskuratzeko aukera izango dute: Publikoaren Saria, Nazioarteko Epaimahaiaren Saria eta Publiko Gaztearen Saria.
'Livide' (Alexandre Bustillo, Julien Maury) zintak irekiko du aurten lehiaketa, eta 'Juan de los muertos' (Alejandro Brugués) lanak itxiko du Sail Ofiziala, lehiaketaz kanpo.
Gainera, 'The Prodigies' (Antoine Charreyron) pelikularen emanaldi berezia ere eskainiko dute, 3Dtan.
Zikloak eta erakusketak, programa osatzeko
Filmekin batera, VIII. Komiki Jardunaldiak eta Deabru Beltzak antzerki-taldearen emanaldia ere izango dira aurtengo programazioan.
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea, kalean
'Nekrogune Fashion Week' jaialdiak, gainera, Donostiako artista gazteek
beldurrezko eta fantasiazko generoetan oinarrituta egindako kamisetak erakutsiko ditu. Beldurrezko aginte-makila eskuratzeko, 'Master of domo' lehiaketan parte hartu beharko da. Final handia azaroaren 2an izango da, Fnac saltokian, 19:30ean.
Familiako kide guztiek 'Galdutako zonbiaren bila' abenturan parte hartzeko aukera izango dute. Urriaren 30ean egingo dute euskal 'gymkhana' berezi hau, taldeka, Donostiako Alde Zaharrean.