Itxi

4. edizioa

Zinema eta Zientzia zikloak hamar pelikula erakutsiko ditu Donostian eta Bilbon

N.V. | EiTB Media

Leer en Castellano

Zikloa Donibane Lohizunera ere iritsiko da, eta ostiralean abiatuko dute, Tabakaleran, Pedro Miguel Etxenike fisikariaren parte-hartzearekin eta “The Man Who Knew Infinity” filmarekin.

"Radioactive" Marie Curieri buruzko filma proiektatuko dute, besteak beste

Euskadiko Filmategiaren, Donostia International Physics Centerren (DIPC) eta Donostiako Zinemaldiaren ekimenez, hamar film proiektatuko dituzte Tabakaleran (Donostia) eta Bilboko Arte Ederren Museoan, ostiraletik aurrera, 'Zinema eta Zientzia' zikloaren laugarren edizioan.

Osasun-arrazoiengatik ezarritako murrizketak direla eta, emanaldi guztiak 18:00etan hasiko dira; sarrerek 3,50 euroko prezioa izango dute, Emakumea ilargian filmekoek izan ezik (17:00etan, eta 7 euroko prezioa); eta, ohi bezala, emanaldi bakoitzarekin batera aurkezpenak eta solasaldiak egongo dira nazioarteko izen handiko zientzialarien eskutik.

Kultura zinematografikoa eta kultura zientifikoa zabaldu nahi dituen zikloak hamarna pelikula eskainiko ditu Tabakaleran eta Bilboko museoan, eta, gainera, sortako hiru film Donibane Lohizunen, Le Select zinemetan, ere ikusi ahalko dira.

Pedro Miguel Etxenike fisikariak emango dio hasiera zikloari, urtarrilaren 8an Donostian eta 9an Bilbon, Srinivasa Ramanujan matematikari indiarra ardatz duen The Man Who Knew Infinity filmaren emanaldiarekin.

Ospe handiko beste zientzialarien artean, Alan Turing polifazetikoa (The Imitation Game / Imitazio jokoa, euskarazko azpitituluekin) eta zikloaren aurtengo kartelaren protagonista ere baden Madame Curie aitzindaria agertuko dira filmetan.

Nicholas Ray (The Savage Innocents), Ingmar Bergman (Viskningar och rop / Gritos y susurros), Dalton Trumbo (Johnny Got His Gun / Johnnyk bere fusila hartu zuen, hau ere euskaraz) eta Arthur Penn (The Miracle Worker) bezalako zuzendarien klasikoak ere ikusi ahal izango dira. Gainera, Fritz Langek zuzendutako Frau In Mond / Emakumea ilargian film mutua ere berreskuratuko da, eta Javier Perez de Azpeitia piano-joleak zuzeneko musika jarriko dio saioari.