Itxi

35. edizioa

"Ane", Goya sarien film onenaren atalean izendatuta

N. V. | EiTB Media

Leer en Castellano

Patricia Lopez Arnaiz “Ane”ko aktore protagonistak Amaia Aberasturirekin (“Akelarre”, 9 izendapen) bat egingo du kategoria horretan. Juanma Bajo Ulloa zuzendari onenaren sarirako izendatu dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

"Ane", David Perez Sañudo zinemagilearen lehen film luzea, film onenaren Goya sarirako hautagaia izango da Espainiako Zinema Akademiaren sarietan."Adu", "La boda de Rosa", "Las niñas" eta "Sentimental" dira beste pelikula izendatuak. 

EITBren parte-hartzean duen filma hautagai izango da emakumezko aktore protagonista (Patricia Lopez Arnaiz), zuzendari berri onena (David Perez Sañudo), gidoi egokitu onena (David Perez Sañudo  eta Maria Pares Pulido) eta emakumezko aktore berri onena (Jone Laspiur) ataletan ere.

DAVID PEREZ SAÑUDO "Ane"ren zuzendariarekin elkarrizketa

David P. Sañudo: "Komunikazioari buruzko tesia proposatzen dugu 'Ane'n"

Bestalde, “Akelarre”, EITBren parte-hartzea duen beste film bat, bederatzi ataletan lehiatuko da: emakumezko aktore protagonista (Amaia Aberasturi), ikusizko efektu onenak (Mariano García Marty, Ana Rubio), makillaje eta ile-apainketa onena (Beata Wotjowicz, Ricardo Molina), jantzien diseinu onena (Nerea Torrijos), zuzendaritza artistiko onena (Mikel Serrano), soinu onena (Urko Garai, Josefina Rodriguez, Frédéric Hamelin, Leandro de Loredo), jatorrizko musika onena (Aránzazu Calleja, Maite Arroitajauregi Mursego), ekoizpen zuzendaritza onena (Guadalupe Balaguer Trelles) eta argazkilaritza zuzendaritza onena (Javier Agirre).

PABLO AGUERO "Akelarre"ren zuzendariarekin elkarrizketa

"Jendeak 'Akelarre' bere borroketarako tresna gisa erabiltzea nahiko nuke"

Halaber, Juanma Bajo Ulloa gasteiztar zinemagilea (“Baby”) zuzendari onenaren atalean izango da hautagai. Pelikula horretarako Bingen Mendizabalek eta Koldo Uriartek eginiko musika ere, gainera, jatorrizko musika onenaren atalean aukeratu dute.

Film laburrei dagokienez, "Solo son peces" Ana Serna eta Paula Iglesiasen lana izendatuta dago arlo dokumentalean. “Homeless home” animaziozko film laburra, Ivan Miñambresek ekoitzia eta Ramon Barea eta Kandido Urangaren ahotsa duena, ere izendatuta dago, dagokion ataletan. Eta Barea bera du protagonista "Gastos incluidos" Javier Macipe aragoiarraren lanak, zeina fikziozko atalean izendatuta baitago.

Goya sariak banatzeko gala martxoaren 6an egingo dute, Antonio Banderasek eta Maria Casadok zuzendu eta gidatuta, eta Malagara itzuliko da, iazko hiri berera, baina antzoki txikiago batera oraingoan. Covid-19aren aurreko osasun eta segurtasun neurri guztiak hartuko dituzte, Akademiako presidenteak iragarri duenez, eta ekitaldiaren aurretik edo ondoren jaiak egitea gaitzetsi du.

Bideoak (1)