Itxi

Pelikula

"Maixabel" Iciar Bollainen pelikula filmatzen hasi dira

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Blanca Portillo eta Luis Tosar aktoreen parte-hartzearekin, Maixabel Lasa Juan Maria Jauregui ETAk hildako politikariaren emazteak hiltzaileekin izan zituen elkarrizketei begiratuko die filmak.

Blanca Portillo eta Iciar Bollain, filmatze lanetan

Otsailaren 8an hasita, Maixabel filmatzen ari dira, Iciar Bollain zinemagilearen hamaikagarren film luzea. Blanca Portillo eta Luis Tosar dira protagonistak eta Gipuzkoan eta Araban filmatuko dute.

Isa Campo gidoilariak eta Bollainek idatzi dute Maixabel, EITBren parte-hartzea duen lana. Alberto Iglesias arduratuko da soinu bandaz, Javier Agirre da argazki zuzendaria, Mikel Serrano arte zuzendaria, Alazne Ameztoy soinu arduraduna, Clara Bilbao jantzien arduraduna eta Karmele makillaje burua.

2000. urtean, ETAk Juan Maria Jauregui Maixabel Lasaren senarra hil zuen, eta, hamaika urte geroago, Lasak ezohiko eskaera bat jaso zuen. Jaureguiren hiltzaileetako batek berarekin hitz egin nahi zuela adierazi zuen Langraizko espetxetik.

Zalantzen, beldurren eta oinazearen gainetik, Lasak baiezkoa eman zion 16 urte zituenetik bikotekide izandakoa tiroz hil zuten pertsonekin aurrez aurre biltzeari. “Mundu guztiak merezi du bigarren aukera bat”, erantzun zuen senarraren hiltzaileekin aurrez aurre esertzeko arrazoiez galdetu ziotenean.

 Bollainen hitzetan, “Maixabel Lasa erreferente bat bihurtu da Euskal Herria bizikidetzara egiten ari den bidean. Eusko Jaurlaritzako Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Bulegoko zuzendari gisa egindako lana oso ezaguna da, baina ez horrenbeste 2011ko topaketetan izan zuen inplikazio pertsonala”.

“Gure iragan hurbileko istorio hau kontatu nahiko nuke, emozioz, zintzotasunez eta, batez ere, protagonistekiko begirune osoz”, erantsi du Bollainek.