Oscar sarien atarikoa
Pedro Almodovarren 'La piel que habito', Urrezko Globoetan izendatua
Erredakzioa
Ingelesez egina ez den film onenaren atalean hautatu dute. Besteak beste, Martin Scorsese, Woody Allen, George Clooney, Brad Pitt, Glenn Close eta Meryl Streep ere izendatu dituzte aurten.
'La piel que habito' Pedro Almodovar zinemagilearen pelikula Urrezko Globoetarako izendatu dute, ingelesez egina ez den film onenaren atalean. Espainiako zinemagilearentzat zazpigarren izendapena da hau, eta, oraingoan, 'The Flowers of War' (Txina), 'In The Land of Blood and Honey' (AEB), 'Le gamin au vélo' (Belgika) eta 'Jodaeiye Nader az Simin' (Iran) izango ditu aurkari.
'Hugo' (Martin Scorsese), 'The Descendants' (Alexander Payne), 'The Help' (Tate Taylor), 'The Ides of March' (George Clooney), 'Moneyball' (Bennett Miller) eta 'War Horse' (Steven Spielberg) dira film onenaren sarirako hautagaiak.
Zuzendari onenari dakionez, Martin Scorsese ('Hugo'), Woody Allen ('Midnight in Paris'), Alexander Payne ('The Descendants'), Michel Hazanavicius ('The Artist'), eta George Clooney ('The Ides of March') aukeratu dituzte.
George Clooney bera gizonezko aktore onenaren sarirako dago izendatua, 'The Descendants' lanarekin. Sari horretan Brad Pitt ('Moneyball'), Leonardo DiCaprio ('J. Edgar'), Michael Fassbender ('Shame') eta Ryan Gosling ('The Ides of March') ere badira hautagai.
Emakumezko aktore onenaren sarirako, Glenn Close ('Albert Nobbs'), Meryl Streep ('The Iron Lady'), Rooney Mara ('Millennium'), Viola Davis ('The Help') eta Tilda Swinton ('We Need to Talk About Kevin') aukeratu dituzte.
Sari banaketa urtarrilaren 15ean egingo dute, Los Angeles hiriko Beverly Hilton hotelean.