Elkarrizketa
Igor Legarreta: "Ez aingeruak ez deabruak, gizakiak gara, gure on-gaitzekin"
Natxo Velez | EITB Media
Hainbat hilabeteko atzerapenaz, pandemia tarteko, baina Igor Legarretak “Ilargi guztiak” bere bigarren film luzea estreinatuko du azkenik aretoetan, joan den astean Fant jaialdia ireki eta gero.
“Ilargi guztiak” pelikula Hegoaldeko zinema aretoetara iritsiko da azkenean, ostiralarekin, bidean aurkitu dituen zailtasun guztiak —eta ez dira makalak izan— gaindituta: etxealdiaren ondorioz filmatze lanak eten zituzten; zinema aretoen itxierak, ordutegi murrizketek eta udalerrien itxiera perimetralek aurreikusitako estreinaren data atzeratu zuten gero…
Igor Legarreta (Leioa, 1973) zuzendariak bere bigarren film luzea, “Cuando dejes de quererme” debutaren ondorengo filma, pantailaratuko du ostiraletik aurrera, ezustekoak gorabehera. Hilezkortasunari eta, beraz, bizitzari buruzko ipuin gotikoa da “Ilargi guztiak” EITBren parte-hartzea duen filma, zeinetan hizpidera —gogora— ateratzen baitira galera, dolua, onarpena, maitasuna, fedea, sena, erlijioa, ezezagunaren aurreko mespretxua, fanatismoa eta salbamena, besteak beste. Ez da gutxi, horratik.
Haizea Carneros aktore gaztearen eskutik eta Josean Bengoetxea eta Itziar Ituño aktore ospetsuak lagun dituela, Legarretak bizitzari, heriotzari eta bion arteko orekari buruzko kontakizun existentziala ondu du, elementu fantastikoak eta trebetasun tekniko nabarmena baliatuta. Bizi daiteke egiazki, heriotzaren aurka ez bada? Badu zentzurik bizitzak, heriotzarik ezean?
Galdera horren eta beste batzuen erantzunak aurkitzen saiatu gara, Igor Legarretarekin izandako elkarrizketa honetan.
Heldu da azkenean “Ilargi guztiak”en estreina. Nola bizi izan duzu zinemetarako bidean aurkitu dituzun oztopo guztiei aurre egiteko bidea?
Pazientzia handiz, pandemiak oso prozesu luzea bihurtu baitu. Duela gutxi, pelikula “pandemiaren alaba” zela esan nion norbaiti. Filmatze lanak gelditu behar izan genituen, itxialdiaren ondorioz, eta hori izan zen unerik txarrena: konfinatuta egotea, pelikula bukatu ahal izango ote genuen ere jakin gabe.
Esparru guztietan denok izan dugun ziurgabetasuna oso gogorra izan da pelikulari begira.
Igor Legarreta, "Ilargi guztiak" filmatzen
“Cuando dejes de quererme” (2018) zure lehen film luzearen gidoia ez zenuen zuk idatzi, baina “Autómata” (Antonio Banderas, 2014) filmean, zure film laburretan bezala, gidoia idatzi zenuen. Oraingoan, “Ilargi guztiak” zuzendu eta gidoia idatzi duzu, Jon Sagalarekin batera. Nola aldatzen da zuk idatzitakoa zuzentzeko eta, halaber, zuk zuzentzeko idazteko lana?
Nik halabeharrezko gidoilaritzat izan dut beti neure burua. Film laburrak egiteko istoriorik ez nuenez eta luzeren bat egiten saiatzeko irakurtzen nituen istorioek ez nindutenez erabat asebetetzen, neu hasi nintzen idazten.
Beraz, badut gidoilari alde hori, eta beste zuzendari batzuentzat ere idazten dut. Horregatik, taldean lan egiten jakitea funtsezkoa iruditzen zait; zinemagintzaren bertute handienetakoa da niretzat. Nik nahiago dut taldean idatzi, prozesu oso eder eta oso gogorra iruditzen zaidalako. Asko sufritzen da.
Talde lana, baina, ez da erraza. Pertsona egokia edo talde egokia aurkitu behar duzu, ego puztuegiak daudelako, batzuetan talde ikuspegi nahikorik egoten ez delako, eta, zuzendari batentzat idazten duzunean, argi izan behar duzulako bera dela pelikula filmatuko duena; berak du proiektuaren gaineko ikuspegi osoa eta azken hitza.
Non jaio zen “Ilargi guztiak”en istorioa? Zer hausnarketa edo sentimenduk abiarazi zuen pelikula egiteko makineria?
Jon Sagala gidoigilekidea eta biok banpiroaren mitoarekin jolasean hasi ginen, asko maite baitugu generoa. Eta banpiroen hilezkortasunaren kontzeptua berehala iruditu zitzaigun gatazka erakargarria gure pelikulako pertsonaiarentzat.
Badakigu pelikula asko daudela horri buruz, eginda dagoela dagoeneko. “Banpiroarekin elkarrizketa” filmean, esate baterako, banpirismoa zigor gisa aurkezten da, zorigaiztoko kondena bilakatzen den opari hipotetiko modura. Baina beste bide batetik abiatu nahi genuen.
Ildo horretatik jo genuen, eta oso interesgarria iruditu zitzaigun hilezkortasunaren zigor hori, hain zuzen ere erlijioek eskaintzen diguten oparirik handiena.
Haizea Carneros eta Josean Bengoetxea, "Ilargi guztiak"en
Badirudi pelikularen erronka nagusietako bat fantasiazko ipuinen tonu egokia aurkitzea izan dela, nahiz eta bene-benetako gaiak jorratzen diren. Zeintzuk izan dira zure irizpide nagusiak, estetikari dagokionez, istorioa janzteko?
Egia da zailtasun nagusietako bat hori izan dela gidoia idazteko orduan. Jakin behar genuen zein puntutan gelditu eta ez murgildu erabat generoan, nahiz eta tentazioa handia zen.
Baina berehala konturatu ginen gure protagonista ez zela munstro bat, eta ez zuela bere egoeraz gozatzen; beraz, ez genuen behar letagin zorrotzik, hilketarik eta odol gehiegirik… Pelikula beste bide batetik zihoan, eta banpirizatutako neskato hori da, agian, gizatasunik handiena duen pertsonaia.
Pelikulan zehar, une batzuetan bereziki, edertasunaren bilaketa nabarmentzen da. Zer garrantzi ematen diozu edertasunari narrazio baten barruan?
Niretzat funtsezkoa da. Niri gauza ederrak gustatzen zaizkit, eta eder hitzak ez du zertan adierazi ez pinpirina ez gurina. Atsegin dut edertasuna, eta uste dut edertasuna balio bat dela disko, liburu zein pelikula batean.
Edertasun mamitsu batez ari naiz, nik balio narratibotzat ulertzen dudanaren barruan dagoenaz; ez edertasun huts batez edo “postal hutsez”.
Niri pelikula politak egitea gustatzen zait. Ikusle gisa, eskertzen dut zinemara joan eta ikus-entzunezko pelikula on batez gozatzea, noski istorioak harrapatuko nauen itxaropenez.
Pelikulak ezberdinaren aurkako arbuioa jorratzen du, ezezagun zaigunari gizatasuna kentzeko eta deabrutzeko joera. Zergatik dugu aldaketaren aurreko erresistentzia hori eta duguna galtzeko beldurra, gal genezakeen hori miseria hutsa izanik ere?
Kasu honetan, beldurra da arrazoia, bide batez, erlijioaren bazka izan dena beti. Erlijioak negozioa aurkitu du heriotzaren aurreko gure beldurrean. Izu horrek geldiarazi egiten gaitu, eta ez digu uzten benetan nahiko genukeen bezala edo saiatu nahiko genukeen bezala jokatzen.
Pelikularen gai nagusia zein den galdetuko balidate, esango nuke onarpena dela. Pelikulan, umeak prozesu luzea biziko du kontrolatu ezin diren eta sufrimendua eragin dezaketen bizitzaren gorabeheren aurrean beldur dela onartzeko.
Bizitza zerbait kaotiko, gorabeheratsu eta asmaezin baina edertzat onartzeak askatu egiten zaitu nola jokatu behar duzun esaten dizun eta gatibu hartzen zaituen agintaritza moraletik, libratzen zaitu beldur gizatiar eta osasungarrien kontrako erantzun erraz baten truke banpirizatzen zaituenetik.
Mundua ikusteko ezartzen diguten modu hori oso argi ikusten da pelikularen une batean. Badirudi aingeruak edo deabruak izan behar garela, hori da Eliza katolikoaren eztabaida xinple handia, eta filmeko umeak askotan egiten dio galdera hori bere buruari. Bada, ez gara ez aingeruak ez deabruak, gizakiak gara, gure on-gaitzekin.
Filmatze lan oso gogorra izan dela ematen du: iluntasuna, elurra, hezetasuna, hotza… Nola gogoratzen duzu?
Oso gogorra izan da, bai, eta pantailan ikusten dela uste dut: aintzirak, leizeak, basoak, negua, Artikutza, lupetza, erorikoak, animaliak, koronabirusa… Baina azkenean ondo irten da, lantaldearen talentu eta ahaleginari esker. Latza izan da!
Pelikularen zutabe nagusia Haizea Carneros aktore gaztea da. Nola aurkitu zenuten eta nola azalduko zenuke horren lana?
Pelikularen erronka nagusia zen, protagonista nagusia baita. Ahal bezain laster, casting handi bat jarri genuen martxan Euskal Herri mailan, eta Algortan aurkitu genuen. Gure banpiro txikia algortarra da.
Hasieratik igarri genuen berezia dela, ezohiko sentiberatasuna daukala, eta bi edo hiru proba egin ondoren hautatu genuen. Ordutik aurrera, coaching talde bat osatu genuen, Laia Ricart buru eta Eneko Sagardoy tartean zela, eta ahal izan genuen denbora guztian lan egin genuen berarekin. Alde batetik, gidoia errepasatu genuen pertsonaia bera, istorioan zuen pisua eta beste pertsonaiekiko harremanak uler zitzan.
Haizea Carneros, Igor Legarreta eta Itziar Ituño, pelikula filmatzen
Bestetik, teknika zinematografikoa ikastea ere nahi genuen: pelikula filmatzeko orduan zeri aurre egin beharko zion jakitea. Ez da gauza bera gidoia etxean irakurtzea edo beste berrogeita hamar lagunekin batera mendira joatea, eta aire zabalean lanean aritzea, fokuak, kamerak eta markak daudela. “Ez begiratu hona, begiratu hara”… Haizeak masterclass bat jaso zuen, eta, oso neska adimentsu, diziplinatu eta sentibera denez, aste eta erdian aktore profesional petoa geneukan.
Eta zer esango zenidake Josean Bengoetxea eta Itziar Ituñori buruz?
Ederto aritu gara biokin. Josean “Cuando dejes de quererme” filmetik ezagutzen nuen, eta Itziarrekin film laburrak egiten genituen unibertsitate garaian.
Itziar Ituño, "Ilargi guztiak"en
Talentu oso handiko bi aktore dira, biak ere oso ausart eta gertukoak, eta hori zoragarria da zuzendari batentzat.
Zer bide opa diozu “Ilargi guztiak”i zinemetan eta ikusle bakoitzaren barruan?
Pelikulak ahalik eta ibilbide luzeena izatea nahiko nuke, horrek esan nahiko duelako jendeak gozatzen jarraitzen duela, nola edo hala. Horrez gain, bakoitzari bere moduan gustatzea nahiko nuke, entretenitu delako, oso polita iruditu zaiolako, hunkitu delako edo zerbait pentsarazi diolako.
Pelikulak ikusleentzat egiten direla uste dut, eta, horiek pelikula honen zati bat eramaten badute, ederto.