Lehena, ''Maya erlea''
Zinemazale Berriak proiekzio programak haurrentzako filmak eramango ditu aretoetara
N. V. | EITB Media
Maiatzaren 23tik aurrera, Zinema Euskaraz katalogoko 12 film proiektatuko dituzte asteburuetan, goizeko ordutegian.
EZAE Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteak eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Zinemazale Berriak programa jarriko dute abian Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 18 zinematan maiatzaren 23an, “publiko berriak” sustatzeko.
Zinema Euskaraz katalogoko 12 film proiektatuko dituzte 2021ean, asteburuetan goizeko saioetan, eta txartelak 2,90 euroan erosi ahalko dira.
EZAEk emandako datuen arabera, euskal zinema aretoek 10 milioi euroko galerak izan zituzten iaz, 2019ko aldi berarekin alderatuta. Izan ere, 2020an Euskadin zinemara joan ziren ikusleen kopurua % 65 baino gehiago murriztu zen 2019ko datuekin alderatuta. Horiei laguntzea da, beraz, programaren xedea.
Guztira 18 aretok parte hartuko dute “Zinemazale Berriak” programan: 9 areto izango dira Gipuzkoan (Principe, Antiguo Berri, Bastero, Villabona, Areria, Zumarraga, Beasain, Zarautz eta Niessen); Bizkaian 7 (Multicines Bilbao, Golem, Getxo, Durango, Bermeo, Mungia, Muskiz); Araban 2 (Gorbeia eta Florida).
Hau da programaren egutegia, nahiz eta arduradunek tokian tokiko programazioa begiratzea aholkatu duten, azken orduko aldaketarik balego ere.
- 2021/05/23 Maya Erlea- Ezti jokoak
- 2021/05/30 Paddintong 2
- 2021/06/06 Asterix, edabe magikoaren sekretua
- 2021/06/13 Nur eta herensugearen tenplua
- 2021/06/20 Ballerina
- 2021/10/03 Oin handiaren semea
- 2021/10/10 Printze Txikia
- 2021/10/17 Mr Link
- 2021/10/24 Pokemon Pikachu Detektibea
- 2021/10/31 Tom eta Jerry
- 2021/11/07 Elfkins
- 2021/11/14 Smallfoot
Sarrerak, 3 klubeko kideentzat
3 klubak bat egin du Zinemazale berriak programarekin, eta, horregatik, sarrerak zozkatuko ditu, astero, zozketan izena ematen duten kideen artean. Parte-hartzaileek filma zein zinema-aretotan ikusi aukeratu ahal izango dute.