Itxi

Ekainak 3-13

Malagako zinemaldiak Julia Juaniz omenduko du

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Gainera, Ana Murugarrenek, Aitor Merinok eta Maria Elorza eta Koldo Almandozek beren azken lanak aurkeztuko dituzte.

Julia Juaniz, 2017ko Zinemaldian Zinemira saria jasotzen. Argazkia: Efe.

Malagako zinema jaialdiaren 24. edizioa egingo dute ekainaren 3tik 13ra, eta antolatzaileek programazioaren, galen eta omenaldien berri eman dute gaur, astelehenarekin. Horri esker, Julia Juaniz nafar muntatzaileari zinemako langileentzako Ricardo Franco-Zinemaren Akademia saria emango diotela jakin da, besteak beste.  

Juaniz (Arellano, 1959) Victor Erice, Carlos Saura, Daniel Calparsoro eta beste hainbat zinemagilerekin batera aritu da, eta Donostiako 2017ko Zinemaldian Zinemira euskal zinemaren saria jaso zuen.

Euskal filmak

Horrez gain, Andaluziako jaialdian Ana Murugarrenek "Garcia y Garcia" film luzea estreinatuko duela iragarri dute. Sail Ofizialean izango da, baina lehiatik kanpo.

Lan berriak estreinatuko dituzte Malagan, halaber, Aitor Merinok ("Fantasia" film luze dokumentala) eta Maria Elorzak eta Koldo Almandozek. Azken horiek "Quebrantos" aurkeztuko dute, Euskadi Irratian tratu txarren biktima bati egindako elkarrizketa batean oinarritutako film laburra, hainbat jaialditan jada saritutakoa.

Bestalde, Zineuskadik iragarri duenez, film laburren atalean ikusgai egongo dira "Polvo en los ojos" (Esti Urresola), "La colcha y la madre" (David Perez Sañudo), "Ya no duermo" (Marina Palacio) eta "El ruido solar" (Pablo Hernando).  

Azkenik, Emakumeen Eskubideak Berresten Dituzten Film Laburrak sailean, euskal film hauek proiektatuko dituzte: "Before I die" (Iker Esteibarlanda), "Barraskiloentzat iganderik ez" (Ainhoa Urgoitia) eta "La historia de todas nosotras" (Itxaso Diaz).

Gainera, Animazine film laburren atalean, "Homeless home" Uniko euskal ekoiztetxearen lana emango dute.