Aurkezpena
Angelina Joliek zuzendari bezala egin duen lehen filma, Berlinalen
Bosniako gerran oinarritzen da 'In the Land of Blood and Honey' eta bosnieraz eta serbieraz grabatu dute.
Angelina Jolie aktore estatubatuarrak kamera atzetik egin duen lehen filma aurkeztuko du, lehiaketaz kanpo, Berlinalen. "In the Land of Blood and Honey" du izena eta Bosniako gerran oinarritzen da. Bosnieraz eta serbieraz grabatu dute, antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Atzerriko film onenaren sarirako hautagai izendatu du Urrezko Globoetan, eta Berlingo zinemaldiko lehen asteburuan (otsailaren 9tik 19ra egingo dute aurten Berlinale) estreinatuko dute, Berlinale Special sailean, hain zuzen.
Sail horretan, Alex de la Iglesia bilbotarraren "La Chispa de la vida" eskainiko dute. Salma Hayek, Jose Mota, Fernando Tejero eta Juan Luis Galiardo dira pelikula horretako protagonistak.
Bestalde, mundu mailako hainbat estreinaldi izango dira 62. edizio honetako Urrezko Hartzaren lehian, besteak beste, Antonio Chavarrias espainiarraren "Dictado", abenduaren 10ean aurreratu zuten moduan.
Juan Diego Botto, Barbara Lennie eta Magica Perez dira film horretako protagonistak, eta besteak beste, Billy Bob Thornton estatubatuarraren "Jayne Mansfield's Car" lanarekin lehiatuko da.