Urriak 1-30
"Segoviako ihesa" filmaren 40. urteurrena gogoan, Donostian
N. V. | EITB Media
"Ihesaldi baten oroitzapenak. Segoviako ihesa-ren 40.urteurrena" erakusketa ikusgai jarriko dute urriaren 1etik 30era Ernest Lluch Kultur Etxean.
40 urte bete ditu "Segoviako ihesa" Imanol Uribek zuzendutako filmak, denborak euskal zinemaren mugarri eta euskal historiako une nahasi baten erakusle garrantzitsu bihurtu duen pelikulak, eta, horren kariaz, Ihesaldi baten oroitzapenak. Segoviako ihesa-ren 40.urteurrena erakusketa paratuko dute urriaren 1etik 30era Ernest Lluch Kultur Etxean, Donostian.
Angel Amigok (Imanol Uriberekin batera filmeko gidoilaria izan zen) eta Carlos Juarezek (Euskal Produktoreen Elkarteko presidentea) bultzatutako erakusketan, Jesus Uriartek filmatze lanean zehar egin zituen argazkiak bildu dituzte, baita kartel eta gidoi originalak, filmatzean erabilitako klaketa, Felix Murcia zuzendari artistikoaren marrazki ezberdinak eta pelikulak Donostiako Zinemaldian jaso zuen FIPRESCI saria, besteak beste.
1976ko apirilaren 5ean, ETAko 24 kidek eta Kataluniako hainbat organizazio eta alderditako beste bost lagunek Segoviako kartzelatik ihes egin zuten, eta, bost urte geroago, ameslari talde bat gertakari hori oroitzeko film bat egiten tematu zen.
Erakusketari laguntzeko, pelikula hori Tabakaleran ikusi ahalko da urriaren 2an, 19:00etan, Imanol Uribek eta Angel Amigok proiekzioaren aurretik aurkeztuta. Gainera, bezperan, urriaren 1ean, solasaldia egingo dute, 19:00etan Ernest Lluch Kultur Etxean, Imanol Uribe zuzendariak, Angel Amigo produktoreak, Xabier Elorriaga aktoreak eta Amaia Zubiria musikariak. Solasaldirako gonbidapenak amarakulturetxea@donostia.eus helbide elektronikora idatziz eskuratu daitezke.