Itxi

Sariak

"Patria"k Iberoamerikar Zinemaren lau Platino sari irabazi ditu

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Elena Iruretak, Loreto Mauleonek eta Aitor Gabilondok Fernando Arambururen eleberriaren telebistako egokitzapenean egindako lana azpimarratu dute. Mursegok eta Aranzazu Callejak "Akelarre" filmerako egindako musika ere saritu dute.

Elena Irureta eta Aitor Gabilondo ("Patria"), bart Madrilen. Argazkia: Efe.

"Patria" telesailak, Fernando Aramburu donostiar idazlearen eleberri ezagunaren telebistarako egokitzapenak, lau sari jaso ditu bart Madrilen, Platino sarien seigarren edizioan: Iberoamerikar Telesail edo Telesail Labur Zinematografiko Onenarena, Emakumezko Aktore Onenarena, Bigarren mailako Emakumezko Aktore Onenarena eta Telesail edo Telesail Laburren Sortzaile Onenarena.

Platino sariak EGEDA Txilen, Kolonbian, Espainian, AEBn, Ekuadorren, Perun eta Uruguain ezarritako Ekoizleen Eskubideak Kudeatzeko Erakundeak sustatzen ditu, FIPCA Ikus-entzunezko eta Zinemako Ekoizleen Iberoamerikar Federazioaren laguntzarekin.

Zinemarako eta telebistarako ekoizpenak saritzen dituzte, eta azken sail horretan "Patria" izan da nagusi ezbairik gabe: sei sarietatik bost eraman ditu.

Telesailak sari hauek irabazi ditu: Iberoamerikar Telesail edo Telesail Labur Zinematografiko Onenarena, Emakumezko Aktore Onenarena (Elena Irureta), Bigarren mailako Emakumezko Aktore Onenarena (Loreto Mauleon) eta Telesail edo Telesail Laburren Sortzaile Onenarena (Aitor Gabilondo).

"Akelarre"ren musika saritu dute

Zinemari dagokionez, "El olvido que seremos" Hector Abad Faciolinceren eleberriaren egokitzapena izan da nagusi, Fernando Trueba zuzendari eta Javier Camara protagonista dituena.

Aranzazu Callejak eta Maite Arroitajauregi Mursegok Musika Onenaren Platino saria eraman dute, Goyarekin egin zuten bezala, "Akelarre" pelikularako egin zuten musikagatik.  

Mursego, bart Madrilen. Argazkia: Efe.

Albisteak (3)