Itxi

Palmaresa

"North Pole" filmak irabazi du Zinebi jaialdiaren sari nagusia

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Marija Apcevska mazedoniarraren film laburrak eraman du epaimahaiaren sari handia. "Azaletik azalera" Mel Arranzen animaziozko film laburrarentzat Euskal Zinemaren Sari Nagusia.

"North Pole"

"North Pole" (2021, Ipar Mazedoniako Errepublika-Serbia) fikziozko film laburrak, Marija Apcevskaren lanak, lortu du Zinebi Bilboko Zinema Dokumental eta Laburmetraien Nazioarteko Jaialdiaren 63. edizioko Sari Nagusia, 7.000 eurokoa.

Nazioarteko epaimahaiaren hitzetan, "protagonistaren aurpegia bezain delikatua da filma, eta itxaropenaren, betebeharraren, presioaren eta askapen gozoaren artean dabilen zerbait bezala deskribatzen du emakumeen desira. Nerabezaroan, drama mugimendu bakar batean sortu eta desagertu zen".

Euskal Film Labur Onenaren Sari Nagusia "Azaletik azalera" animazioak lortu du (Mel Arranz, 2021), eta Espainiako Film Labur Onenaren Saria "Descartes" dokumentalak (Concha Barquero & Alejandro Alvarado, 2021).

Mikeldi sariei dagokienez, generoka "Inherent" (Nicolai G. H. Jacobsen, 2021) lanak eraman du, "Crumbs of Life" (Katarzyna Miechowicz, 2020) Poloniako filmak animaziozko film labur onenarena eta "Some Kind of Intimacy" (Toby Bull, 2021) britainiar-frantses koprodukzioak film labur dokumental onenarena.

Zinebi First Film Nazioarteko Lehiaketako opera prima onenaren saria "Rock Bottom Riser" Fern Silvak zuzendutako lanak eraman du. "Faya Dayi" (Etiopia – AEB - Qatar) dokumentalak aipamen berezi jaso du, gainera.

UPV/EHUko ZIFF Gazte Epaimahaiaren saria, 2.000 eurokoa, Diego Hernándezen "Los fundadores" (Mexiko, 2021, Fikzioa) filmak jaso du.

Euskadiko Gidoi Onenaren Saria "Kinka" Maider Oleagaren lanak eraman du, eta EiTB Publikoaren Saria "Milý tati" ("Love, Dad") (Txekiar Errepublika-Eslovakia, 2021. Animazioa) Diana Cam Van Nguyenren film laburrak.

Gaurko amaiera galan, 19:30etik aurrera Arriaga antzokian, palmareseko lanak erakutsiko dituzte.