Itxi

Elkarrizketa

Fernando Albizu: "Sariak aitorpena dira, baina ez dute esan nahi beste inor baino hobea zarenik"

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Gasteiztar aktorea antzeztaldeko gizonezko aktore onenaren Goya sarirako izendatu dute, "El buen patrón" Fernando Leon de Aranoaren pelikulan egindako lanagatik.

Fernando Albizu, "El buen patrón" filmean

Larunbatean, otsailak 12, Espainiako Zinema Akademiaren Goya sariak banatuko dituzte Valentzian, Fernando Albizu (Gasteiz, 1963) aktoreak "lasai eta kideez gozatzen" bizi nahiko lukeen gala batean.

Albizu gaueko izendatuetako bat izango da, antzeztaldeko gizonezko aktore onenaren atalean, "El buen patrón" Fernando Leon de Aranoa zinemagileak zuzendutako filmean Roman segurtasun zaindari kikilarena egitearren. Sarien historia osoan izendapen gehien, hogei, bildu dituen filma da "El buen patrón".

Albizurekin hitz egin dugu.

Zorionak izendapenarengatik, Fernando. Nola jakin zenuen izendapenaren berri? Espero zenuen halakorik?

Mila esker. Zoriontzeko bidali zizkidaten whatsapp mezuen bidez jakin nuen.

Lehenengoa Lander Otaola izan zen, eta filma ikusi berri zuela pentsatu nuen, baina gero David Perez Sañudok ere zoriondu ninduen, eta galdetu egin nion; orduan jakin nuen.

Asko hunkitu nintzen. Ez nuen inola ere espero.

Fernando Albizu, 'El buen patrón'en

2009an ere izendatu zintuzten Goyetan, "Gordos"en egindako lanagatik, eta Aktoreen Batasunaren saria ere ekarri zizun pelikula horrek. Zer harreman duzu sariekin eta zer garrantzi maila ematen diezu?

Sariak zure lanari egindako aitorpena dira, eta hori oso ondo dago beti, baina ez dute esan nahi beste inor baino hobea zarenik. Badago bidean gelditzen denik ere, nahiz eta beraiek ere merezi duten. Baina kupo bat dago…

Sariak poztekoak dira, baina gogaikarriak ere bai: modeloa bilatu behar da… Eta nire neurriarekin, zaila da.

Nola bizi nahi duzu otsailaren 12ko gaua?

Lasai bizi nahi dut, kideez gozatzen.

Zure atalean, Urko Olazabalez ("Maixabel") gain, Celso Bugallo eta Manolo Solo pelikulako kideak daude lehian, eta "El buen patrón"eko taldeko lankide gehiago ere izendatu dituzte: Javier Bardem (gizonezko aktore protagonista), Sonia Almarcha (antzeztaldeko emakumezko aktorea), Oscar de la Fuente eta Tarik Rmili (gizonezko aktore berriak) eta Almudena Amor (emakumezko aktore berria). Zeri zor zaio, zure ustez, aktore taldearen arrakasta itzela?

Fernando Leon de Aranoaren lana da: pertsonaiak oso argi izan ditu, gidoi biribila idatzi du eta lasaitasun handiz filmatu du.

Lana erosoa, dibertigarria eta oso zehatza izatea lortzen du. Zuzendariak zer nahi duen badakienean, aktoreak segurtasun handia izaten du.

Roman, zure pertsonaia, filmaren alderik indartsu eta barregarrienetakoa da. Zer pentsatu zenuen gidoia irakurri zenuenean?

Lehen irakurraldian konturatu nintzen oso gauza indartsua genuela esku artean.

Komedia egiatik eta pertsonaien larritasunetik lantzen da beti. Romani dagokionez, ugazabaren "etsaiarekin" bat egiten duen bitartean kaleratuko duten arriskua da.

Fernando Albizu

Baduzu esku artean proiekturik? Zerbait aurreratzeko moduan?

Gauza pare bat daude mahai gainean, baina sinatu gabe oraindik.

Baieztatuta, "xHoxB"ren bigarren denboraldia HBOn, Manuela Burloren eskutik.

Euskal zinemak hainbat Goya sari irabazi ditu azken urteetan, besteak beste "Ane" zure parte-hartzea duen eta aspalditik lankide duzun David Perez Sañudok zuzendu duen lanak. Euskal zinemaren zein diagnostiko egiten duzu, zure ikuspegitik?

Euskal zinema talentuz eta profesionaltasunez gainezka dagoela uste dut, eta urrun iritsiko da, politikariek eskua sartzen ez badute.

Politika eta kultura, elkarrengandik zenbat eta urrunago, hainbat hobeto.

Azkenaldian zer pelikula gustatu zaizkizu, Goyetarako izendatuta egon zein ez?

"Delicioso", Eric Besnardena, aipatuko dizut, ikusi dudan azkena.