Apirilaren 14ra arte
'Thailandia' dokumentala, Itsaspeko Zinema Zikloa abiatzeko
Erredakzioa
Mundu osotik jasotako 40 lan proiektatuko dituzte Donostiako Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloan. Lehen aldiz, euskarazko lan bat botako dute egunero.
Mundu osoko itsasoetan grabatutako 40 lan proiektatuko dituzte Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloan, Donostian, apirilaren 14ra arte. Marrazoei atentzio berezia eskainiko diete 36. edizio honetan.
Bluescreen etxeak 'Thailandia' film luzeen sailaren nazioarteko estreinaldia egingo du Donostian. Andamango itsasoaren hondoan grabatutako 53 minutuko dokumentala da, eta pipa arrain mamua aztertzen dute bertan. Kutxa aretoan izango da, 20:00etan, eta sarrera doakoa izango da.
Izan ere, 42 dokumental izango dira Andia kaleko Kutxa aretoan. Espainiatik, Australiatik, Japoniatik, Frantziatik, Italiatik, Alemaniatik, Belgikatik eta Britainia Handitik jaso dituzte filmok, eta marrazoak, manta-arraiak, sugeak, marmokak, dortokak, itsas lehoiak, baleak eta pinguinoak izango dira ikusgai.
Marrazoak pelikula askotan izango dira protagonista eta animalia horiek erakusten dituzten irudi ikusgarri asko ikusi ahalko dira. Goizez eta arratsaldez izango dira proiekzioak, eta, lehen aldiz, euskarazko lan bat botako dute egunero.
Jarduera paraleloei dagokienez, euskal argazkilariek urpean egindako argazkiekin osatutako erakusketa bat izango da proiekzioak izango diren areto berean.