Itxi

Otsailak 28 - martxoak 7

Zinegoak jaialdiak ahotsa emango die "nahi bezala bizitzeko" borroka egiten duten pertsonei

EITB Media

Leer en Castellano

Bilboko LGTBI+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiaren hemeretzigarren edizioak nazioarteko zinegile eta epaimahaien presentzia eta bisitak berreskuratuko ditu.

Alaitz Arenzana

Zinegoak Bilboko LGTBI+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiaren 19. edizioak ahotsa emango die "nahi bezala bizitzeko" borroka egiten duten pertsonei eta film luzeen sail ofiziala hiru kategoriatan banatuko du berriro: DOK (dokumentalak), FIK (fikzioak) eta KRAK (narratiba berriak). Horrez gain, film laburren bi ziklo berri estreinatuko ditu.

Guztira 16 film luze eta 22 film labur ikusi ahalko dira sail ofizialean. Film luzeak Golem Alhondiga zinema-aretoetan proiektatuko dituzte, eta Zinegoakek Filmin plataforman duen leiho digitalean ere ikusi ahalko dira, aurrez aurreko proiekzioak amaitu ondoren. Film laburrak, berriz, doan proiektatuko dituzte Bilborocken.

Sail ofizialeko film guztiak lehiatuko dira Zinegoak Sari Nagusia eskuratzeko. Sari horrek EITBren babesa izango du lehenengo aldiz, eta 4.000 euro emango dizkio irabazleari.

EITBk zuzenean eskainiko ditu inaugurazio gala eta itxiera gala. Martxoaren 7an Bilborocken egingo den amaiera ekitaldian emango da ezagutzera palmaresa, eta gainerako sarien berri ere emango da bertan.

Alaitz Arenzana Zinemaldiko zuzendari artistikoak, Pedro Andrade ekoizpen zuzendariak eta Julen Nafarrate komunikazio arduradunak otsailaren 28tik martxoaren 7ra Bilboko hainbat aretotan egingo den edizio honetako programazio ofiziala aurkeztu dute astelehen honetan Bilbon.

Alaitz Arenzanak azpimarratu duenez, Zinegoaken aurtengo edizioaren helburuetako bat presentzialtasuna izan da, "zineaz eta kulturaz in situ gozatu ahal izateko. Zinegoak kulturaz eta aniztasunaz gozatzeko topagune izatea nahi dugu". Nolanahi ere, Zinegoakek leiho digitala ere izango du, "Bilbora joan ezin diren pertsona guztiek jaialdiaz gozatzeko aukera izan dezaten". 

Gainera, nazioarteko zinegile eta epaimahaien bisitak jasoko ditu aurten ere, iazko etenaldiaren ondoren.

Honako zinemagile hauek bisitatuko dute Zinegoak: Isabelle Solas (Nos corps sont vos champs de bataille), Reka Valerik (Silent Voice), Adrián Silvestre (Sedimentos), Tim Leyendekker (Feast), Noel Alejandro (KRAK epaimahaia), Cecilia Montagut (DOK epaimahaia), Susi Sánchez aktorea (FIK epaimahaia) edo Ohorezko Saria jasoko duen Albertina Carri argentinar zinemagilea. Carrik Zinegoak jaialdiaren hasiera ekitaldian jasoko du Ohorezko Saria, otsailaren 28an, Arriaga Antzokian.

Jaialdiak hainbat gai jorratuko ditu hainbat filmetan, hala nola "indarkeria eta aterpea" edo GIB birusa, gizartean oraindik dagoen estigma soziala oso handia baita.

Film laburrei dagokienez, "Emakume zuzendariak" eta "Haurtzaroa/nerabezaroa" ohiko zikloez gain, Zinegoakek bi ziklo berri izango ditu: "Maitasunezko poliedroak", harreman afektibo-sexualen formulei buruzkoa; eta "Trantsizioak", arreta trans errealitateetan jarrita. Guztira, 22 film labur lehiatuko dira sail ofizialean, eta doan proiektatuko dira Bilborocken.

Albisteak (3)