Noka Mentoring eta 2deo
Tabakalerak ikus-entzunezko zer proiektu babestuko dituen ebatzi du
Agentziak | EITB Media
Noka Mentoring programarako, María Inés Goncalves, Andrea Sánchez eta Ainhoa Gutiérrez aukeratu dituzte, eta, 2deo programarako, "Agur Terrorista", "Anomaly" eta "Eneko".
Tabakalerak hautatu du zer lan eta egilek hartuko duten parte emakumezko zinemagile berrientzako eta telesailen sortzaileentzako laguntza eta babes programetan.
María Inés Goncalves, Andrea Sánchez eta Ainhoa Gutiérrez dira Noka Mentoring Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Tabakalerak Zineuskadi elkartearekin batera kudeatzen duten programan aukeratutakoak. 2deo telesailetarako proiektuen programan, berriz, Lander Castroren eta Igor Garciaren "Agur, terrorista" euskarazko proiektuak, Ana Urquijo Fabeiroren "Anomaly"k eta Asier Urbieta San Martinen "Eneko"k izango dute babes profesional eta ekonomikoa.
Sortzaileek hiru tutoreren laguntza izango dute proiektuak gauzatzeko, baita sektore profesionalekiko lan sailak, Tabakaleraren baliabideak eta laguntza ekonomikoa ere.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Tabakalerak antolatzen dute Noka Mentoring, Zineuskadi elkartearekin batera. Emakume zinegileei zuzendutako ekimena da, eta zinemaren sektorean haien presentzia eta ikusgarritasuna sustatzea du helburu.
Aurtengo edizioan, tutoreak Maider Oleaga, Mar Coll eta Diana Toucedo izango dira Noka Mentoringen, eta 2deo-n Laura Sarmiento, Xabier Berzosa eta Aitor Gabilondo.
Aukeratutako zinemagile bakoitzak 4.000 euroko dirulaguntza jasoko du, eta Donostiako Zinemaldian aurkeztu ahalko du bere lana industriako ordezkarien aurrean.