Itxi

Apirilak 1-8

"The man who sold his skin" filmak irekiko du Donostiako Giza Eskubideen 19. Zinemaldia

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Ukraina, memoria historikoa eta babes eskubidea hartuko ditu hizpide, besteak beste, jaialdiak, eta EFA Abidin Kaid Saleh – Mendebaldeko Saharako Ikus-entzunezko Prestakuntza Eskola sarituko du.

"The man who sold his skin" filmak irekiko du jaialdia

Ukraina, memoria historikoa eta babes eskubidea hartuko ditu hizpide aurtena, besteak beste, Donostiako Giza Eskubideen 19. Zinemaldiak apirilaren 1etik 8ra. "The Man Who Sold His Skin" (2020) Kaouther Ben Hania zinemagile tunisiarraren filmak irekiko du jaialdia, eta "Mali Twist" (2021) Robert Guédiguian marseillar beteranoarenak itxiko du astebete geroago.

Guztira, 24 film luze eta 16 labur proiektatuko dira jaialdian, eta azken egunean, Victoria Eugenia antzokian, EFA Abidin Kaid Saleh – Mendebaldeko Saharako Ikus-entzunezko Prestakuntza Eskolak sari berezia jasoko du.

"Giza eskubideen defentsaren eta urraketaren hainbat alderdiren inguruko hausnarketa, sentsibilizazioa eta debatea bultzatzea" da zinemaldi honen helburua, baita "herritartasun aktibo bat sustatzen laguntzea ere, justiziarekin eta ekitate sozialarekin konprometitua".

Emanaldietarako sarrerak salgai daude dagoeneko, bost euroan, Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta Internet bidez.

Hiru sari banatuko dira jaialdiaren bukaeran: Ikusleen Saria Film Luze Onenari, Gazte Epaimahaiaren Saria Film Labur Onenari eta Amnesty International Saria.