Film laburrak
EITBk film laburrak kontratatzeko oinarriak
Erredakzioa
Film laburrak aurkezteko oinarriak eta EITBk filmak eskuratzeko baldintzak aurkituko dituzue hemen.
Euskal Telebistak, IBAIA eta EPE-APV euskal ekoizleen elkarteekin adostutako akordioaren arabera, elkarte horietan eta EIKEN Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrean parte hartzen duten ekoiztetxeek egindako film laburrak dokumentu honetan biltzen diren baldintzetan erosteko konpromisoa hartu zuen.
Gainera, beste euskal zinemagile batzuen film laburrak ere erosteko aukera proposatzen da, nahiz eta aipatutako oinarriak ez bete, betiere EITBko aukeraketa komisio batek hautatzen baditu.Urtean egingo diren bi deialdietan hartuko da erabakia.
Film laburrak aurkezteko oinarriak eta EITBk filmak eskuratzeko baldintzak hauek dira:
Aukeratuko diren lanak
Edozein generotako lan zinematografikoak izan daitezke. 60 minutu baino gutxiago iraun behar dute, eta proiekzio formatua zinemakoa (16 edo 35 mm-ko filmak), Betacam, HD edo beste edozein Broadcast formatu izango da. Lanon lehendabiziko kopiak azken sei hilabeteetan egina izan behar du.
Euskaraz zein gaztelaniaz eginiko lanak onartuko dira, baita, beste edozein hizkuntzan eginda badago ere, azpidatziak bi hizkuntza horietako batean dituztenak ere.
Onuraduna
IBAIA, EPE-APV eta EIKENeko kide diren ekoizpen enpresen eta euskal zinemagileen ekoizpenei zuzenduta dago parte hartzeko deialdia.
Erabakia
EITBren esku egongo da, aurkeztutako lanen kalitate tekniko eta artistikoan oinarrituta, zein film labur erosiko diren erabakitzea. Barne komisio batek ebatziko du zein film erosten diren gero emititzeko. Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren diru-laguntzak hartzeko eta Kimuak proiektuan parte hartzeko aukeratu dituzten lanak, dena den, zuzenean erosiko dira, komisioaren auzirik gabe. Hala ere, oinarrietan jasota agertzen diren datetan aurkeztu behar dituzte, nolanahi ere.
Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren diru-laguntzarik jaso duten lanek dokumentazioa aurkeztu beharko dute, hori frogatzeko.
Kontratazioaren baldintzak
EITB nahieranen eskutik, lan horiek modu interaktiboan erabiltzeko eskubidea izango da, baina ez horiek artxibatzekoa edo jaistekoa. Eskubideok ez dute izaera baztertzailerik izango.
Lanak eskura jarriko dira, modu interaktiboan, EITB nahieran atariaren bidez, baina ezingo dira gordetzeko edo ordenagailura jaisteko moduan jarri. EITBren esku jarritako eskubideak ez dira esklusiban lagako.
Lanak modu interaktiboan hiru urtez erabili ahal izango dira, akordioa sinatzen den unetik, eta beste hiru urtez luzatuko da, modu automatikoan, bi aldeetako batek epe hori agortu baino gutxienez hilabete lehenago kontrakorik esan ezean.
Salneurria
Telebistako estreinaldiak direnean, hauek dira hiru urtean hiru emanaldi egiteko baimen/lizentziaren prezioa zehazteko baldintzak:
Film labur zinematografikoak:
200 euro minutuko; gehienez, 3.000 euro.
Betacamen edo bereizmen handiko (HD) formatuan eginiko film labur bideografikoak:
100 euro minutuko; gehienez, 1.500 euro.
Beste formatu batzuetan eginiko film labur bideografikoak:
75 euro minutuko; gehienez, 1.000 euro.
Materiala jaso eta onartutakoan egingo da ordainketa, epe bakarrean, behin faktura jasota.
Kasu hauetan, gehiago ordainduko da:
· Lana Kimuak katalogorako aukeratutako izanez gero, 320 euro ordainduko dira minutuko; gehienez, 4.800 euro.
Euskaraz filmatu diren fikziozko film laburrak:
· Irudi errealeko fikziozko film laburraren jatorrizko bertsioa euskaraz filmatu bada:
Film labur zinematografikoak: 250 euro minutuko; gehienez, 3.750 euro.
Betacamen edo bereizmen handian (HD) eginiko film labur bideografikoak: 150 euro minutuko; gehienez, 2.250 euro.
Beste formatu batzuetan eginiko film labur bideografikoak: 100 euro minutuko; gehienez, 1.500 euro.
Halaber, kasu hauetan ere diru-kopuru gehigarria ordainduko da:
Locarnoko, Canneseko, Veneziako edota Clermont-Ferrandeko jaialdietan saririk eskuratuz gero (1.500 euro gehiago)
Oscar sarietarako proposatuz gero (3.000 euro gehiago).
Goya sarietarako proposatuz gero (1.500 euro gehiago).
Lanak aurkezteko lekua eta epea
2012ko ekainaren 15a baino lehen bidali beharko dira lanak honako helbidera:
Arkaitz Villar
EITB
Basurtuko Kaputxinoak, 2
48013 Bilbao
filmlaburrak@eitb.com
Telefono zenbakia: 94 656 39 23
Bidali beharrekoak:
- DVDa, ikustaldirako.
- Fitxa teknikoa: iraupena, generoa, lehendabiziko kopiaren data, filmatze formatua, etab..
- Fitxa artistikoa: zuzendaria, argazki zuzendaria, musika, aktoreak.