Itxi

Zinema jaialdia

Amerikar komedia berriak lekua izango du Zinemaldian

Gainera, atzerabegirako batek 'Zinema eraikitzen' sailaren hamargarren urteurrena ospatuko du.

'Zoolander' 'Very funny things' sailean ikusi ahal izango da. Argazkia: Zinemaldia

Donostia Zinemaldiak atzera begirako bat eskainiko die AEBtako umoreko zinemaren joera berriei: Very Funny Things. Amerikar komedia berria. Komedia, Hollywooden tradizio luze-zabala duen generoa, suspertu egin da azken bi hamarkadetan, "egile komedia" delakoari esker.

Bestalde, Donostia Zinemaldiak Zinema Eraikitzen sailaren hamargarren urteurrena ospatzea erabaki du, eta, horretarako, Zinema eraikitzen. Hamar urte latinoamerikako zinemarekin zikloa programatu du. Zikloan, Donostia Zinemaldian azken hamar urteotan izan diren titulurik nabarmenenak berreskuratuko dira. Film horiek ekimen honi esker amaitu zituzten, eta, ondoren, mundu zabaleko nazioarteko zinema-jaialdietan eman eta saritu dituzte.

Very Funny Things. Amerikar komedia berria du izena Donostia Zinemaldiak humorezko zinema estatubatuarraren joera berriei aurten eskainiko dien atzera begirako tematikoak. Komedia, Hollywooden tradizio luze-luzea duen generoa, suspertu egin da azken bi hamarkadetan, lotsagabekeriarako, desegokitasun politikorako eta satira sozialerako tokia duen ikuspegi garaikideari esker. Zuzendari, gidoilari, aktore eta komikoen belaunaldi berri bat bilakatu da genero horren egungo erreferente. Peter Farrelly, Judd Apatow, Todd Phillips, Jared Hess, Ben Stiller, Will Ferrell, Seth Rogen, Jason Segel, Tina Fey, Kristen Wiig, Mike Judge, Trey Parker eta Matt Stone dira horietako batzuk, eta beren estiloa indarra hartzen ari da mundu osoan. Guztiek ere, humorezko zinearen aukerak zabaldu dituzte, publikoaren miresmena eta kritikaren errespetua proportzio berean irabazi dituen "egile komediaren" bidez.

Donostia Zinemaldiaren 60. edizioak, San Telmo Museoarekin batera, Zinema Eraikitzen sailaren hamargarren urteurrenaren ospakizuna antolatuko du azken urte hauetan zehar aurkeztu diren zenbait film berreskuratuko dituen zikloarekin.

Saila 2002an jaio zen, Donostia Zinemaldiaren eta Toulouseko Rencontres Cinémas d’Amérique Latine topaketen arteko lankidetzari esker. Hala, Zinema Eraikitzen atala Latinoamerikako zinemaren ekoizpena bultzatzeko asmoarekin sortu zen, postprodukzio fasean dauden filmak amaitzeko laguntzen bitartez. Horretarako, bi zinema-jaialdiek aukeratutako Latinoamerikako hainbat film aurkezten dira profesional talde baten aurrean, postprodukzio laguntzak jaso ahal izan ditzaten.