Jaialdiak
"Irati" Sitgeseko zinema jaialdiaren Sail Ofizialean estreinatuko da
N. V. | EITB Media
Paul Urkijoren bigarren film luzea, Edurne Azkarate eta Eneko Sagardoy protagonista dituena, sarien bidean izango da fantasiazko zinemaren Kataluniako jaialdian.
"Irati" Paul Urkijo arabar zinemagilearen bigarren film luzea Fantasiazko Zinemaren Kataluniako Nazioarteko Zinema Jaialdiaren Sail Ofizialean proiektatuko dute, urriaren 6tik 16ra bitartean, Sitgesen. Filmaren nazioarte mailako estreina izango da, jaialdiak baieztatu duenez.
Edurne Azkarate eta Eneko Sagardoy ("Handia", "Patria", "Maitasunaren itxiera"…) protagonista dituela, EITBren parte-hartzea duen filma Pirinioetan girotuta dago Erdi Aroko garai ilun batean, erlijio hegemonikoak elkarren aurka borrokatzen ziren garai batean.
Euskara da filmaren hizkuntza nagusia, eta Azkaraterekin eta Sagardoyrekin batera aritu dira Iñigo Aranbarri, Nagore Aranburu, Elena Uriz, Iñaki Beraetxe, Ramon Agirre, Kepa Errasti eta Itziar Ituño.
Horiez gain, lantalde teknikoan lan egin dute Nerea Torrijosek jantzien buru, Mikel Serrano arte zuzendariak, Maite Arroitajauregi eta Aranzazu Calleja soinu-bandaren egileek, David Herasek eta Jon Serranok efektu berezietan eta Gorka Gómez argazki zuzendariak.
'Irati'
Sinopsia
VIII. mendea.
Kristautasuna hedatzen ari da Europan, eta sinesmen paganoak desagertzen. Frankoen erasoaldiaren ondoren, Karlomagnoren armada Pirinioak zeharkatzera doala, ibar-jaunak laguntza eskatuko dio antzinako jainkosa bati. Odolezko itun baten bitartez, etsaia garaituko du, trukean bizitza emanda, baina lehenago, Eneko semeari hitzemanarazten dio bere herria babestu eta gidatuko duela aro berrian.
Urte batzuk geroago, misio batekin egingo dio aurre Enekok promesa hari: aitaren gorpua berreskuratu beharko du, modu paganoan lurperatuta baitago Karlomagnoren altxorrarekin batera. Kristau fedekoa izanik, Enekok ibarreko pagano baten laguntza beharko du, Irati deituriko emakume enigmatiko batena.
Bi gazteak oihan bitxi eta ilun batean murgilduko dira; bertan, diotenez, "izena duen guztia bada".