Itxi

Gizonezko aktore onena

Zorion Eguileor aktorea Fantasia Montrealgo jaialdian saritu dute

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Bizkaitar aktoreak gizonezko aktore onenaren saria jaso du "Viejos" Raul Cerezo eta Fernando Gonzalez madrildarrek zuzendutako filmean egindako lanagatik.

Zorion Eguileor, "Viejos" filmean

Zorion Eguileor aktorea (Mundaka, 1946) Fantasia fantasiazko zinemaren Montrealgo (Quebec) jaialdiaren hogeita hamaseigarren edizioan saritu dute "Viejos" Raul Cerezok eta Fernando Gonzalezek zuzendutako pelikulan egindako lanagatik.

C. Robert Cargill buru zuen epaimahaiak ebatzi du Cheval Noir saileko filmetakoen artean Eguileor ("El hoyo", "Agur Etxebeste!", "Pikadero", "80 egunean"…) dela gizonezko aktore onena .

Pelikula Nafarroan eta Madrilen filmatu dute, eta Manuelen (Zorion Eguileor) istorioa du kontagai: Mario (Gustavo Salmerón) semearen eta beraren familiaren etxera joan beharko du, gertakari lazgarri baten ondorioz emaztea hil eta gero.

Pixkaka-pixkaka, errealitatea agerian geldituko da: zerbait arraroa gertatzen ari da Manuelen inguruan. Entzuten dituen ahotsak, berarekin hitz egiten duten izakiak. Lenak, Marioren emazteak, etxetik bota nahi du: seguru da zerbait beldurgarria gertatuko dela. Naia alaba nerabea (Paula Gallego) baino ez dago Manuelen alde, baina bera ere hasi da duda-mudatan, aitonaren inguruan gertakari arraroak jazotzen hasi direnez. Inoizko udarik beroena da, atzera kontaketa abian da eta beranduegi da gelditzeko.