Itxi

Pelikula zerrenda

"Los Xey", "No mires a los ojos", "Vasil" eta "Para entrar a vivir", zinemetan

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

"El cuarto pasajero" eta "Unicorn Wars" joan den asteetan estreinaturiko filmei batu zaizkie euskal ekoizpen eta euskal aktoreak dituzten film horiek.

Juan Diego Botto eta Paco León, "No mires a los ojos"en. Argazkia: Mikel Larrea.

Azaroaren 4 honetan, ostiralero legez, hainbat pelikula berri erakusten ditu zinema aretoen eskaintzak, hala nola Bardo, falsa crónica de unas cuantas verdades Alejandro Gonzalez Iñarrituren (Amores perros, Babel, The Revenant…) pelikula gehiegizko eta ausarta, zeinetan migrazioaren trauma, arrakasta, familiarteko harremanak, Mexikoko historia eta beste hainbat gai larri jorratzen baitira Iñarrituren berezko irudi indartsuek lagunduta.

Berarekin eta aurreko asteetan estreinatu ziren hainbat pelikularekin batera (El cuarto pasajero Alex de la Iglesiarena eta Unicorn Wars gerraren aurkako aldarri animatu hunkigarria), zinemetara iritsiko da, esate baterako, Los Xey, una historia de película, Eneko Olasagastik eta David Berraondok 1940ko eta 1950eko hamarkadetako ahots talde donostiarrari buruz filmatu duten dokumentala.

IRAKURRI ENEKO OLASAGASTI ETA DAVID BERRAONDORI EGINIKO ELKARRIZKETA

"Los Xeyk oinarri musikal klasiko indartsua zuten, eta herri musika ere maisuki menperatzen zuten"

Halaber, Felix Viscarret nafar zuzendariak No mires a los ojos film luzea estreinatuko du, Paco Leon, Leonor Watling eta Susana Abaitua aktoreak protagonista dituena. Desde la sombra Juan Jose Millasen eleberrian oinarrituta dago, eta Nafarroan bertan filmatu zuten.

Vasil (Avelina Prat) filma ere ikusi ahalko da gaurdanik Hegoaldeko zinema aretoetan. Karra Elejalde gasteiztarrak aktore onenaren saria irabazi berri du joan den astean lan horri esker, Ivan Barnev kidearekin batera, Seminci Valladolideko zinema jaialdian.

Barbara Goenaga eta Gorka Otxoa aktoreek osatzen dute bikote protagonista Para entrar a vivir Pablo Araguesek eta Marta Cabrerak zuzendu duten filmean. Ametsetako etxea aurkitu duen bikotearen istorioa kontatzen du, sakontzeko asmo handirik gabe. Dena bikaina da, konturatzen diren arte etxeak eskatzen dioten guztia ematen diela.

Urko Olazabal ere ageri da gaur estreinatu diren filmen antzeztaldean. Maixabel filmean egindako lanari esker gizonezko aktore berri onenaren Goya saria irabazi zuen bilbotarrak, eta orain Jose Sacristan madrildar aktoreari laguntzen dio 13 exorcismos lanean.

Azkenik, Black Is Beltza 2: Ainhoa Fermin Muguruzaren animaziozko pelikularen aurrestreinaldia egingo dute gaur Baionan, Atalante zinema aretoetan, eta astelehenetik aurrera, Frantziako Estatuko hainbat hiritan izango da ikusgai: Paris, Montpellier, Bordele, Marsella…

Albisteak (2)