Film laburrak
Kimuak-en 2012ko katalogoa jakinarazi dute
Hauek dira aurten aukeratu dituzten film laburrak: Agua!, Beerbug, Casa vacía, Deus et Machina, Bajo la almohada, Los monstruos no existen eta Voice over.
Kimuak programak aurtengo katalogoa osatuko duten film laburrak aurkeztu ditu. Hauek dira aukeratu dituzten lanak: Agua! (Mikel Rueda), Beerbug (Ander Mendia), Casa vacía (Jesús M. Palacios), Deus et Machina (Koldo Almandoz), Bajo la almohada (Isabel Herguera), Los monstruos no existen (Paul Urkijo) eta Voice over (Martín Rosete).
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Euskadiko Filmategiak sustatutako programa hau 1998. urtean sortu zen, eta 2001etik aurrera asko hazi da. Kimuakek euskal film laburrak mundu osoan hedatzea du helburu nagusi.
Maialen Beloki (Donostia Zinemaldiko Hautespen-batzordeko kidea eta Zinemira, Made in Spain eta Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa atalen arduraduna), Josemi Beltrán (Donostia Kulturako Zinema arduraduna), Pilar García Elegido (Madrilgo Erkidegoaren Ikus-entzunezko Ataleko arduraduna), Edurne Ormazabal (EITB.com-eko zuzendaria) eta Ángel Sala (Sitgeseko Nazioarteko Zinemaldi Fantastikoaren zuzendaria) arduratu dira Kimuak 2012 katalogoa osatzeko aukeraketa egiteaz.
Urtero bezala, film laburrak Donostiako Zinemaldian aurkeztuko dituzte, irailean, emanaldi pribatuan, eta, ondoren, hemengo eta nazioarteko zinemaldietan egingo dute ibilbidea.