Kataluniako zinemaren sariak
"Suro", hamar Gaudi saritarako izendatuta
N. V. | EITB Media
Mikel Gurrea donostiarraren lehen film luzea, katalanez filmatua, hamar sari irabazteko hautagai da Kataluniako zinemaren sarietan. "Cinco lobitos" ere izendatuta dago, Europako film onenaren atalean.
Suro Mikel Gurrea donostiar zuzendariaren lehen film luzea hamar ataletan izendatuta dago Gaudi Kataluniako zinemaren sarietan, bertako Akademiak gaur iragarri duenez. Urtarrilaren 22an banatuko dituzte sariok Bartzelonan, Kataluniako Arte Museo Nazionalean.
Gurrearen filma atal hauetan dago izendatuta: filma, zuzendari berria (Gurrea), jatorrizko gidoia (Mikel Gurrea eta Francisco Kosterlitz), emakume protagonista (Vicky Luengo), gizonezko protagonista (Pol Lopez), ekoizpen zuzendaritza (Mayca Sanz), zuzendaritza artistikoa (Isona Rigau), editatzea (Ariadna Ribas), jatorrizko musika (Clara Aguilar) eta soinu onena (Leo Dolgan eta Xanti Salvador).
Azken atal horretan, Aitor Berenguer ere badago izendatuta, Los renglones torcidos de Dios filmean egindako lanari esker; Cinco lobitosek, Surok bezala EITBren parte-hartzea duen filmak, Europako film onenaren saria irabaz lezake.
Alcarràs Carla Simonen pelikula eta Un año, una noche Isaki Lacuestarena dira faboritoak, hamalauna izendapen jaso baitituzte.