Itxi

Goya sariak

Euskal zinemaren murmurioa, piztien orro artean

Natxo Velez | EITB Media

Leer en Castellano

Telmo Irureta zumaiarrak gizonezko aktore berri onenaren Goya saria irabazi du bart, eta Alauda Ruiz de Azua barakaldarrak zuzendari berri onenarena. "As bestas" izan da gaueko garaile nagusia, bederatzi sari bereganatuta.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Espainiako Zinema Akademiak urteroko sariak banatu ditu bart Sevillan, Andaluziako hiriko Biltzar eta Erakusketa Jauregian. "As bestas" Rodrigo Sorogoyenen (Madril, 1981) galiziar thrillerra izan da gaueko irabazle nagusia, besteak beste film onenaren, zuzendari onenaren eta gidoi onenaren golardoak berenduta, baina euskal zinemak aurkitu du piztion ulu artean zarata apur bat ateratzeko zirrikiturik.

Alauda Ruiz de Azua barakaldar zinemagileak zuzendari berri onenaren saria bereganatu du "Cinco lobitos" bere lehen film luzean egindako lanagatik, eta EITBren parte-hartzea duen pelikula horrengatik saritu dituzte, halaber, Laia Costa protagonista (emakumezko aktore onena) eta Susi Sanchez (antzeztaldeko emakumezko aktore onena). Hiru sari, guztira, behin-behinekotasuna, prekarietatea eta gaur egungo gizartearen beste hainbat aje ikus-entzunezkoan jasotzen dituen film sozialarentzat. 

Telmo Irureta zumaiar aktoreak, bestalde, gizonezko aktore berri onenaren saria irabazi du "La consagración de la primavera" filmean Davidena egitearren. Elena Irureta izebak eman dio, gainera, Goya saria, eta, eskertze hitzaldi hunkigarrian, "gu ere existitzen gara eta larrua jotzen dugu", aldarrikatu du urritasunen bat duten pertsonen izenean (filmean sexu-laguntzaileak behar dituzten pertsonen gaia jorratzen da, besteak beste). "Topa egin dezagun denetariko gorputzak erakutsiko dituen zinema inklusiboagoaren alde", bukatu du Iruretak.

Animazioko zinemak toki handia egin die aurten Espainiako sarien izendapenen zerrendan euskal ordezkariei, eta Uniko bilbotar ekoiztetxeak bi ataletan irabazi ditu Goya sariak: animaziozko film onena, "Unicorn Wars" gerren aurkako film gordinarekin, eta animaziozko film labur onena "Loop" lanarekin. Bidean gelditu dira "Amanece la noche más larga" laburren sailean, eta "Black Is Beltza 2: Ainhoa" eta "Inspector Sun y la maldición de la viuda negra" luzean.

Ivan Miñambres (Uniko), bi garaikurrekin. Argazkia: Efe.

Amaia Remirezek eta Raul de la Fuentek, Kanaki Films ekoiztetxea osatzen duen bikoak, bere hirugarren Goya saria irabazi dute "Minerita" eta "Beste egun bat bizirik" lanek eman zizkietenen ondoren. "Maldita: A love song to Sarajevo" bestelakotasunaren aldeko maitasun gutun ikus-entzunezko ederrak film labur dokumental onenaren Goya saria ekarri die.

Raul de la Fuente (ezkerra) eta Amaia Remirez

Halaber, Goya saria irabazi dute soinuen atalean Aitor Berenguerrek ("As bestas") eta film dokumental onenaren atalean Gaizka Urrestik, "Labordeta, un hombre sin más" Paula Labordetarekin batera zuzendutako dokumentalari esker.

Carlos Saura Ohorezko Goya saria jasotzeko bezperan zendu den zinemagilearen itzalak jo duen gaueko irabazle nagusia "As bestas" Rodrigo Sorogoyenek zuzendutako lana izan da. Bederatzi sari irabazi ditu besteak beste Ibon Cormezana bizkaitarrak ekoitzitako pelikulak, eta alerik gabe utzi du, "Irati" euskaldunaz gain (bost izendapen zituen Paul Urkijoren fantasiazko kondairak), "Alcarras" Carla Simon kataluniarrari Berlinaleko Urrezko Hartza eman zion pelikula.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)