Itxi

Otsailak 20-25

Euskal Zinemaren Asteak "Cinco lobitos" eta "Irati" eramango ditu Gasteizera

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

"Cinco lobitos" hiru Goya sari irabazi berri dituen filma, "La consagración de la primavera" Telmo Iruretari saria eman dion lana eta "Irati" euskal zinemaren 2023ko estreina handia ikusi ahalko dira, besteak beste, Arabako hiriburuko Euskal Zinemaren Astean.

"Cinco lobitos" asteazkenean emango dute

Euskal Zinemaren Gasteizko Astearen 39. edizioa egingo dute astelehenetik, otsailak 20, larubatera Vital Fundazioa Kulturunean (Dendarabako lehen solairuan, Gasteizen). Sei film luze eta bost film labur proiektatuko dituzte egunero, 19:30etik aurrera, eta abonuak (15 euro) eta sarrerak (4 euro) salgai daude dagoeneko.  

Goya sarietan berriki saritutako pelikulak jarriko dituzte ikusgai, hala nola "Cinco lobitos" eta "La consagración de la primavera", baita "Irati" ikusmin handiz otsailaren 24an zinema aretoetara iritsiko den filma, "Suro" eta "Tula" Oscar sarietatik urrats batera gelditu zen film laburra ere.

Astelehenean, otsailak 20, "N-666" Imanol Ortizen beldurrezko film laburra eta "Suro" Mikel Gurrearen film interesgarria emango dute; asteartean, hilak 21, "Los días que (nunca) fueron" lanaren eta "La consagración de la primavera" Telmo Iruretari gizonezko aktore berri onenaren Goya saria eman zion pelikularen txanda izango da.

"Cinco lobitos", gala berean hiru Goya sari irabazi zituen Alauda Ruiz de Azuaren pelikula, asteazkenean ikusi ahalko da Gasteizen, "Txotxongiloa" Sonia Estevezen film laburrarekin batera.

Hilaren 23ko hitzorduan, "Erroak" laburra (Sergio Azkarate) eta "Gelditasuna ekaitzean" (Alberto Gastesi) luzea emango dute, eta ostiralean, "Tula" Beatriz de Silva zuzendariak Oscarren ateetara eraman zuen film laburra eta "El vasco" Jabi Elortegiren pelikula.

"Irati"k itxiko du Euskal Zinemaren Astea, Paul Urkijo gasteiztarrak zinema aretoetan bezperan estreinatuko duen filma, bere ibilbideko bigarren luzea.