Urteurrena
'Blade Runner' filmak 30 urte bete ditu
Alcon Entertainmentek, Ridley Scotten laguntzarekin, horren beste bertsio bat egingo du datorren urtean. Bertan, Harrison Fordena ez da pertsonaia nagusia izango.
Blade Runner filmak (zientzia fikziozko maisulantzat dute askok) 30 urte bete ditu. Philip K. Dick idazlearen Do Android Dream of Electric Sheep? eleberrian oinarrituta dago, eta Ridley Scottek zuzendu zuen. AEBetan 1982ko ekainaren 25ean estreinatu zuten, E.T.: The Extra-Terrestrial, Star Trek II: The Wrath of Khan eta Tron: Legacy filmekin batera, baina beste horiek Blade Runner filmak baino arrakasta handiagoa izan zuten.
Saga bat egiteko asmoz egin zuten film hori, baina horren arrakasta eskasa ikusita, proiektua ez zen gauzatu. Orain, baina, Alcon Entertainmentek, Ridley Scotten laguntzarekin, Blade Runner pelikularen beste bertsio bat egingo du datozen urteetan. Bertan, Harrison Fordena ez da pertsonaia nagusia izango.
Urteen joan-etorrian, Scottek film luze horren bost bertsio egin zituen: lehenengoa, 1982koa, bertsio ofiziala; urte berean, nazioarteko merkatuetarako bertsioa; 1992an, “zuzendariarena”, bukaera zoriontsua ezabatuta zuena; eta “azken konpilazioa” izenaz ezagutzen dena, 25. urteurrena zela eta argitaratutakoa.
Pelikula 80ko hamarkadan oso hedatua egon zen “ziberpunk” izeneko joera artistikoari jarraituz egin zuten. Horren eraginak zinemetako pantaila zeharkatu du, bertan agertzen diren eraikinen arkitektura aztergai eta filmean azaltzen diren robotak zientzialarientzat erreferentzia bihurtu baitira.
Harrison Ford, Sean Young, Edward James Olmos eta Daryl Hannah protagonista dituen istorioa 2019ko Los Angeles hirian gertatzen da. Etorkizunean, ingeniaria genetikoa erabiliz egindako izaki batzuk dira protagonista: “erreplikanteak”.
Tyrell Corporationek sortutako robot horiek “gizakiak baino gizakiago” izateko egin zituzten; fisikoki gizakien itxura dute (indartsuagoak eta bizkorragoak dira), baina enpatia eta erantzun emozionala falta zaizkie.
Espazioko kolonia batean zeuden, baina Lurrera bueltatuko dira, beraien sortzailea bilatzeko asmoarekin, eta beraiek baino gizatasun handiagoa dutela erakusten dute.
Blade Runner izeneko polizia-talde bereziak izango du erreplikante iheslari horiek harrapatu eta hiltzeko ardura. Rick Deckard detektibea (Harrison Ford) zerbitzura itzuliko da, gizaki itxurako robot horiek ehizatzeko.