Itxi

Estreinaldiak

Koktela zinema-aretoetan: "Ice Age 4", Allan Poe eta Bob Marley

Manny mamut iletsua, Sid nagia eta Diego tigrea bueltan dira 3Dtan. Gainera, Bob Marleyri buruzko dokumental bat estreinatuko dute eta John Cusackek Edgar Allan Poeren papera hartuko du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

"Ice Age 4" filmeko historiaurreko animaliek bi gonbidatu nagusi dituzte estreinaldien artean: Edgar Allan Poe izeneko idazle batek detektibe-lanak egin ditu "El enigma del cuervo" lanean, eta Kevin MacDonaldek "Marley" izeneko musikari baten inguruko dokumentala zuzendu du, reggae musikaren izar handietako bat aztertuta.

Manny mamut iletsua, Sid nagia eta Diego tigre sable-hortza bueltan dira 3Dtan, "Ice Age 4: la formación de los continentes" pelikulan. Historiaurrea odisea moduan azaldu du animalia talde batek. Pangea kontinente bakarra nola bereizi zen azaldu dute bertan, Scrat urtxintxak ezkur bat topatu ondoren gertatu zela kontatuta.

James McTeigue egilea bueltan dator, "V de Vendetta" lanarekin mundua harritu ostean. Edgar Allan Poe beldurrezko literaturaren maisua da "El enigma del cuervo" pelikularen protagonista. Detektibe-lanak egingo ditu, XIX. mendeko Baltimoren, bere kontakizun arrakastatsuetan oinarritutako hilketak azaltzen hasi ondoren. John Cusack aktoreak viktoriar jantziak jarri ditu, "Pit and the Pendulum" eta "The Crow" lanen egileari egindako keinuekin egindako lanean. Estatu Batuek, Hungariak eta Espainiak elkarlanean egin duten film honetan, Luke Evans, Alice Eve eta Brendan Gleeson dira aktore nagusiak.

Kevin MacDonald "El último rey de Escocia" filmaren zuzendariak dokumentalera egin du salto, Bob Marleyren artxibo grafiko eta musikalean murgiltzeko. Reggae estiloko izar handiaren bizitza eta Jamaikako politikan eta rastafarien mugimenduan izan zuen eragina aztertu ditu. Marleyren abesti ezagunenetariko batzuk bildu dituzte dokumental horretan; "No Woman, No Cry" eta "One Love", kasu. 36 urte zituela minbiziak jota hil zen artista horren inguruko lanean, arrakastaren manipulazioa, espiritualtasunerako bidea eta artea pobreziari aurre egiteko irtenbide bezala aztertu dituzte.

40 urte betetakoan sortzen omen den krisia eta selektibitatea gainditzeko urduritasuna nahasi dituzte "Inmaduros" komedian. Italian arrakasta handia lortu ondoren, espainiar estatuko zinema-aretoetara iritsi da orain, italiarren sex-symbola, Raoul Bova aktorea, erakargarri nagusi bihurtuta.

Alex Garcia, "Tierra de lobos" eta "Sin tetas no hay paraíso" telesailetako aktoreak "Entre esquelas" grabatu zuen duela hiru urte, Adan Martin suitzarraren gidaritzapean. Bizitzaren eta heriotzaren arteko mugak nahasi dituen lan hori Malagako zinemaldian estreinatu zuten.

Batmanen eta Spidermanen estreinaldiak uda honetan helduko dira, baina, horiek iritsi aurretik, aste honetan bertan, komiki munduko beste heroi bat helduko da gurera: Dylan Dog. Hil bizidunen armada bati aurre egingo dio, mundu mailako bakea mantentzeko.

Valentziako Mostrako emakumezko aktore onenaren saria lortu zuen Nina Ivanisinek "Slovenka" pelikulan egindako lanagatik. Esloveniak Europar Batasuneko presidentetza bere ardurapean izan zuen garaian, bertan bizi zen ikasle bat gorpuztu zuen aktoreak: Alexandra. Itxura batean bizitza normala izan arren, sekretu handi bat zuen gordeta.

Bideoak (1)