Kargatzen...
Itxi

Film laburrak

Zinebik euskal film laburrak erakutsiko ditu Alemanian

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Bilboko jaialdiak azken hamar urteetako euskal film laburren hautaketa bat eramango du Oberhausengo (Alemania) Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 69. ediziora.

'No hay nada más moderno que envejecer' (2018) Sra. Polaroiskaren filma izango da ikusgai

Zinebi Dokumentalen eta Film Laburren Bilboko Nazioarteko Jaialdiak azken hamar urteetan ekoitzitako euskal film laburren aukeraketa bat aurkeztuko du Oberhausengo (Alemania) Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 69. edizioan, ostegunetik larunbatera, apirilaren 27tik 29ra, 'Focus Basque Country: Heterogeneous Landscapes' izeneko zikloan.

18 film labur (dokumentalak, fikziozkoak, animaziozkoak eta esperimentalak) ikusi ahalko dira, horrenbestez: 'Amore d'inverno' (Isabel Herguera, 2015), 'Ancora lucciole' (Maria Elorza, 2018), 'Areka' (Atxur Animazio Taldea, 2017), 'Ehiza' (Hauazkena Animazio Taldea, 2020), 'Hemen. Gaur. Berriz' (Aitor Gametxo, 2020), 'Ikusleak' (Jesús María Palacios, 2018), 'In ictu oculi' (Jorge Moneo Quintana, 2020), 'Inner Outer Space' (Laida Lertxundi, 2021)' eta 'It Is All Right Here' (Teresa Sendagorta, 2018).

Halaber, ikusgai izango dira 'Love Needs Time to Kill' (Txuspo Poyo, 2021), 'Lursaguak' (Izibene Oñederra, 2019), 'Luz a la deriva' (Iñigo Salaberria, 2015), 'Montes Bocineros' (Juan Pablo Ordúñez, MawatreS, 2014), 'No hay nada más moderno que envejecer' (Sra. Polaroiska, 2018), 'Plágan' (Koldo Almandoz, 2017), 'Soroa' (Asier Altuna, 2014), 'Variaciones de Winterreise' (Inés García, 2018) eta '592 metroz goiti' (Maddi Barber, 2018).

Oberhausengo jaialdia film laburren munduko zinemaldirik zaharrena da, eta, besteak beste, Martin Scorsese, Chris Marker, Krzysztof Kieslowski, Agnès Varda, Lindsay Anderson, Chantal Akerman eta George Lucas zinemagileek aurkeztu dituzte bere lanak bertan.