Jaialdia
"Las buenas compañías" eta "The lost souls of Syria" saritu dituzte Giza Eskubideen Zinemaldian
N. V. | EITB Media
Silvia Munten euskal ekoizpenak Film Luze Onenaren Ikusleen Saria lortu du, eta Stéphane Malterreren eta Garance Le Caisneren dokumentalak Aministia Internazionalak ematen duen film onenaren saria.
Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldiaren 20. edizioak palmaresa iragarri du, eta Las buenas compañías (Sílvia Munt) filmak irabazi du Film Luze Onenaren Ikusleen Saria.
Errenterian dago girotuta, 1970eko hamarkadan, eta talde feminista baten jarduna du kontagai. Uda batez, gaztarotik helduarorako bidea, konpromiso politikoa eta maitasuna gurutzatuko dira Bearen bizitzan.
The Lost Souls of Syria (Stéphane Malterre eta Garance Le Caisne) pelikulak, bestalde, Amnistia Internazionala erakundeak ematen duen Film Onenaren Saria irabazi du, eta Yellow Elham Ehsas zuzendariaren film laburrak Gazte Epaimahaiaren Film Labur Onenaren Saria eraman du.
Victoria Eugenia Antzokian banatuko dituzte sariak gaur, ostiralarekin, 20:00etatik aurrera, eta, ondoren, Toi non plus tu n'as rien vu (Béatrice Pollet, 2022) filma erakutsiko dute, Zinemaldia bukatzeko.