Abuztuaren 9an
Locarnoko zinema jaialdian estreinatuko dute "Negu hurbilak" film luzea
N. V. | EITB Media
Jone Laspiur du protagonista "isolamenduari, itxaroteari eta nortasun irrikari buruzko filmak". Abuztuaren 9an proiektatuko dute lehenengoz Suitzako hirian Negu kolektiboaren lana.
"Negu hurbilak" Negu kolektiboaren fikziozko film luzea Locarnoko zinema jaialdian estreinatuko dute abuztuaren 9an, Cineasti del Presente sailean, zuzendari berrien lehen eta bigarren filmen lanak biltzen dituen atalean.
Kolektiboaren lehen film luzeak EITBren parte-hartzea du, eta "isolamenduari eta itxaroteari buruzko filma da". Zubietan filmatu dute, eta ETAk jarduera armatua bukatu berritan ihesean ari den emakume baten istorioa du kontagai.
Jone Laspiur ("Ane", "Akelarre"…) da filmaren protagonista eta aktore profesional bakarra; Zubietako herritarrak ditu lagun kamera aurrean.
Ekain Albitek, Mikel Ibargurenek, Nicolau Mallofrék eta Adrià Rocak osatzen dute Negu kolektiboa, ESAC Kataluniako Zinema eta Ikus-entzunezkoen Goi Eskolaren abaroan jaio da eta lehen film luzea dute "Negu hurbilak".
'Negu hurbilak'