Mostrarekin paraleloan
"Sobre todo de noche" Victor Iriarteren filma Giornate degli Autorin lehiatuko da, Venezian
N. V. | EITB Media
Bilbotar zuzendariaren fikziozko lehen film luzea Madril eta Donostiatik Portugalera, Duero ibaiaren hegira, doan 'road movie' bat da.
"Sobre todo de noche" Victor Iriarte euskal zuzendariaren fikziozko lehen film luzea Giornate degli Autorin lehiatuko da, Venezian, abuztuaren 30etik irailaren 9ra, Veneziako Zinema Jaialdiarekin paraleloan eta horrekin hitzartuta egiten den Cannesko Zinemagileen Hamabostaldiaren ekimen baliokidean.
Estreinaldia Mostraren proiekzio berezi batean egingo dute, larunbatean, hilak 2, 16:45ean. Giornate degli Autori atalak zinema industriaren aniztasuna sustatzeko helburua du.
"Sobre todo la noche" lanak EITBren parte-hartzea du, eta Lola Dueñas, Ana Torrent eta Manuel Egozkue aktore hasiberria ditu protagonista. Vera (Lola Dueñas) behinola adopzioan eman behar izan zuen semearen bila abiatuko da, eta bide horretan Cora (Ana Torrent) aurkituko du, bizitzan piano eskolak eman eta ume adoptatua zaintzen aritu den emakumea.
Azaroaren 1ean iritsiko da pelikula Hego Euskal Herriko zinema aretoetara, eta lantalde teknikoan Maite Arroitajauregi (musika) eta Alazne Ameztoy (zuzeneko soinua) ditu, besteak beste. Gidoia zuzendariak berak idatzi du, Isa Campo eta Andrea Queralt lagun.
Victor Iriarte (Bilbo, 1976) artista, zinemagile eta zinema programatzailea da, Tabakalera Kultura Garaikideko Donostiako Nazioarteko Zentroko zinema programazioa zuzendu du bederatzi urtez eta Elias Querejeta Zinema Eskolaren sortzaileetako bat da.