Itxi

Zazpigarren edizioa

Zinema eta Zientzia zikloak dilema zientifikoetan sakontzera bultzatu nahi du publikoa

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Urtarrilaren 11tik martxoaren 23ra, hamar film eskainiko dituzte Gasteizen, Donostian, Bilbon, Iruñean eta Donibane Lohizunen, eta hogei zientzialari pelikula horiek proposatzen dituzten gaiei buru mintzatuko dira publikoarekin.

"Oppenheimer" Christopher Nolanen filmak irekiko du zikloaren zazpigarren edizioa

Dilema zientifiko sakonenetan murgiltzea da Zinema eta Zientzia zikloaren zazpigarren edizioaren erronka, eta, horretarako, hamar film eskainiko dituzte Gasteizen (Artium), Donostian (Tabakalera), Bilbon (EHUren Bizkaia aretoko Mitxelana auditoriuma), Iruñean (Golem Baiona zinema) eta Donibane Lohizunen (Le Sélect zinema) urtarrilaren 11tik martxoaren 23ra, Oppenheimer-ekin hasi eta Theater of Thought Werner Herzog zinemagile alemaniarraren (2022) obrarekin bukatu arte.

Proiekzioekin batera, zientzian adituek (Pedro Miguel Etxenike, Maia Garcia-Vergniory, Juan Ignacio Perez Iglesias, Onintze Salazar…) elkarrizketak izango dituzte publikoarekin, bonba atomikoaz, adimen artifizialaz, biztanleria zahartzeaz eta beste hainbat gaitaz. Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Centerrek eta Donostia Zinemaldiak antolatzen dute zikloa.

Oppenheimer bonba atomikoaren sorreraren historia kontatzen duen Christopher Nolanen filmak irekiko du zikloa aurten (urtarrilak 11 Gasteiz eta Donostian, urtarrilak 13 Bilbon eta urtarrilak 16 Iruñean), eta denetariko bederatzi film etorriko dira gero, zinema klasikoan, garaikidean, fikziokoan, ez-fikziokoan eta animaziozkoan sailka ditzakegunak: Semmelweis (André de Toth, 1940), Plan 75 (Chie Hayakawa, 2022), Bombshell: la historia de Hedy Lamarr (Alexandra Dean, 2017), Memorias de África (Sydney Pollack, 1985), Baby hezten (Howard Hawks, 1938), Tiempo de silencio (Vicente Aranda, 1986), Ekaitz perfektua (Wolfgang Petersen, 2000), Mars Express (Jérémie Périn, 2023) eta Theater of Thought (Werner Herzog, 2022).

Programa osorik emango dute Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean. Donibane Lohizunen, berriz, La vie du Dr. Semmelweis, Out of Africa, Mars Express, L'Imposible Mr. Bébé eta Oppenheimer ikusi ahal izango dira, denak ere frantsesez edo frantsezko azpidatziekin.

Ekaitz perfektua, Baby hezten eta Mars Express euskarazko azpidatziekin ikusi ahalko dira Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean.

Sarrerak online eta leihatiletan erosi ahalko dira, 3,50 eta 6 euro arteko prezioan: Tabakaleran, Artium Museoan, Arte Ederren Bilboko Museoan (saioak Bizkaia Aretoan izango dira, pinakotekan obrak egiten ari baitira) eta Le Sélect eta Golem-Baiona zinema-aretoetan.