Film laburrak
Huhezinema jaialdiak 21 film labur eskainiko ditu urtarrilaren 24tik 26ra, Aretxabaletan
EITB Media
Dena dela, egitarauak beste hainbat ekimen aurreikusten ditu, hala nola bideoklipen proiekzioak, sari banaketak eta kontzertuak.
Hasi da atzera kontua, astebete baino gutxiago falta da. Datorren asteazkenean hasiko da Huhezinemako 17. edizioa, eta prest dago aurtengo egitaraua: tailerrak, masterclassak, filmak, kontzertuak eta abarrekin zuzenean Aretxabaletan gozatzeko aukera.
Urtarrilaren 24tik 26ra egingo den Euskal Film Laburren jaialdian, 21 film labur eta 10 bideoklipen proiekzioak, sari banaketak, kontzertuak eta hainbat masterclass ikusteko aukera egongo da Aretxabaletako Arkupe aretoan. Bestalde, Jon Elizegiren masterclass-a ikus-entzunezko fakultateko platoan egingo da. Herriko plazan, berriz, poteoa, Jasan Taldearen kontzertua, lunch-a eta DJ Rosamari.
Urtarrilak 24 asteazkena, Ikasle saila izango da. Hirugarren urtez, sail hori euskal zinema eskoletako ikasle guztiei zabaldu zaie, HUHEZIko ikasleetatik harago. Eguna, Paul Urkijo eta Mattin Aierbe adituen masterclassarekin hasiko da. Arratsaldean, ikasleen saileko film laburrak ikusi ahalko dituzte. Azkenik, asteazkenetan Aretxabaletan pintxo potea egin ohi denez, poteo baten bidez itxiera emango diote egunari.
Urtarrilaren 25ean, osteguna, Bideoklip Sailen proiekzioak ikusi ahal izango dira. Arratsaldea 'Bihotza negar' bideokliparen estrenoarekin hasiko da. Ondoren, Asier Renteriaren eskutik, masterclassa egongo da bertaratzen direnentzat. Eguna borobiltzeko, Jasan taldearen kontzertua egongo da (Arkupen).
Urtarrilaren 26a, ostirala izango da jaialdiko egun handia. Arratsaldean ekingo diote egitarauari, sail ofizialaren proiekzioarekin. Emanaldia sail ofizialerako hautatuak izan diren 10 film laburren emanaldiarekin hasiko dute, hiru zatitan banatuta, eta tartean bi atsedenaldi eginez. Finalera iristea lortu duten filmen zuzendari gehienak bertan izango dira euren lanak aurkezten. Proiekzioak amaitzean, arratsaldeko 19:30ean, sari banaketa egingo dute. Ekitaldia borobiltzeko, Ausolanen eskutik luncha egongo da. Jaialdiari festa giroan emango diote amaiera, eta DJ Rosamarirekin (Arkupen bertan).
Ekintza guztiak doakoak eta irekiak izango dira, eta jaialdian zehar, bidelagun izango dituzte Albina Sturdust, Kepa Errasti, Ane Urresti eta Iker Mateo aurkezle lanetan.
Egitaraua, egunez egun:
URTARRILAK 24, ASTEAZKENA ( IKASLE SAILA)
11:00 - Masterclassa: Paul Urkijo
13:30 - Masterclassa: Mattin Aierbe
16:00 - Ikasle Sailaren proiekzioa I
18:00 - Ikasle Sailaren proiekzioa II
URTARRILAK 25, OSTEGUNA (BIDEOKLIP SAILA)
16:30 - "Bihotza negar" Bideokliparen estrenoa
17:00 - Masterclassa: Asier Renteria
18:30 - Bideoklip Sailaren proiekzioa
20:00 - Kontzertua: Jasan Taldea
URTARRILAK 26, OSTIRALA (SAIL OFIZIALA)
15:00 - Sail Ofizialaren proiekzioa I
16:30 - Sail Ofizialaren proiekzioa II
18:00 - Sail ofizialaren proeikzioa III
19:30 - Sari banaketa
20:30 - Lunch-a
21:00 - DJ Rosamari