Martxoak 11-16
Hogeita hiru pelikula lehiatuko dira Punto de Vista zinema dokumentalaren jaialdiko sariak lortzeko
N. V. | EITB Media
Oskar Alegria zinemagile nafarrak 'Zinzindurrunkarratz' filma aurkeztuko du zinema dokumentaleko nazioarteko jaialdian.
Hogeita bat pelikula, hamabi film luze eta zortzi film labur, lehiatuko dira Punto de Vista zinema dokumentaleko nazioarteko jaialdiaren hamazortzigarren edizioan Iruñean, martxoaren 11tik 16ra.
Bestalde, lehiatik kanpo parte hartuko duten beste hiru filmek osatuko dute gaur Iruñean aurkeztu duten jaialdiaren Sail Ofiziala.
Horietako bat "Zinzindurrunkarratz" Oskar Alegriaren filma da, jaialdia irekitzeko balioko duen lana, Manuel Asín jaialdiaren zuzendari artistikoak gaur eskainitako prentsaurrekoan iragarri duenez. "De caballos y guitarras Pedro G. Romeroren lanak ixiko du jaialdia, ordea.
Bere pelikula berrienean, Alegriak "bidaia poetikoa egiten du beste garai bateko oroimenean zehar, zeinaren zati batzuk baino ez diren geratzen. Super-8 kamera hartuta, bere aitona-amonek ibili zituzten bidexketara itzultzen da, Artazuko mendietara, Nafarroara, jada existitzen ez den mundu baten oihartzunak erregistratzeko", jaialdiak aletu duenez.
Ikusgai izango diren filmek hainbat gai jorratzen dituzte, hala nola lehen pertsona, familiako memoria eta memoria historikoa, identitatea eta generoa, migrazio politikak, larrialdi klimatikoa eta, oro har, ingurumen mailakoa eta giza dibertsitatea.
Film onenaren sariak 10.000 euroko diru ekarpena du, zuzendari onenarenak 5.000 eurokoa, film labur onenarenak 3.000 eurokoa, film onenaren publikoaren sari bereziak 1.650 eurokoa eta epaimahai gazteak film onenari ematen dionak 1.500 eurokoa.
Sail Ofizialean, mundu mailako (erabateko) bost estreinaldi, nazioarteko hiru (filma bere jatorrizko herrian bakarrik eman da), Europa mailako bat eta Espainiako Estatu mailako hamabi, jasotako 800 pelikulen artetik hautaketa egin eta gero.