Elkarrizketa
"'Negu hurbilak'en helburua da bakoitzak bere bidaia egitea, zalantza eta isiltasunen itsaso sakonean"
Natxo Velez | EITB Media
"Negu hurbilak" Negu Kolektiboa taldearen lehen film luzea gaur, ostiralarekin, iritsiko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara, berme gisa dituela zuzendari laukotearen erabakitasun artistiko erradikala eta zinema jaialdietatik egindako igaroaldi txukuna.
2011. urtea da, ETAk bukatutzat eman du bere jarduera armatua eta emakume bat, Jone Laspiur aktoreak mamitua, Zubieta herrian ezkutatu da; itxaronaldi likin eta itogarri batean harrapatuta bizi da, halako batean muga zeharkatzeko zain.
Hori da Negu hurbilak Negu Kolektiboa taldearen (Ekain Albite, Mikel Ibarguren, Nicolau Mallofré eta Adriá Roca) lehen film luzearen premisa, eta arrasto horiek dira gaurtik aurrera pelikula Hego Euskal Herriko zinema aretoetan ikusiko dutenek eskueran izango dituzten helduleku finko bakanetakoak.
Oinarri lauso horren gainean, ikusleek hiru ekitaldiko fikziozko istorioa osatu beharko dute, filmeko aktore diren Zubietako herritarren eta Jone Laspiur protagonistaren, filmeko aktore profesional bakarraren, hitz urriak eta isilaldi luze eta luzatuak deskodetuz, egonean dagoen pertsonaiaren gogoari batuta zinemako eserlekuan.
Film politikoa da Negu hurbilak, baiki, sormen lan guztiak politikoak diren bezala bidenabar, baina ez, edo ez batik bat, euskal gatazka jorratzen duelako, ezpada konbentzioak hausten dituelako, merkatuari eta ikuslearen erosotasunari inolako kontzesiorik egin gabe. Eta zer da politika, bada, ez bada nork bere ekintzez konbentzioak hausten edo indartzen laguntzea?
Ekain Albite eta Mikel Ibarguren zuzendari taldeko kideekin hitz egin dugu, EITBren parte-hartzea duen pelikula estreinatu aurretxoan, eta aurreratu digute "gauzak aldatu eta moldatzeko beharra" dutela.
Iritsi zaigu pelikula azkenean, hemen dugu dagoeneko, baina bertan ez dagoenaz hasiko gara mintzatzen, isiltasunak, esaten ez denak, funtsezko pisua baitu Negu hurbilaken. Zer asmo dramatiko dago isiltasunaren nabarmentasun horren atzean?
Mikel Ibarguren: Isiltasuna mantentzen duten pelikulak gustatzen bazaizkigu ere, badago asmo nabarmen bat sentsazio hori azaleratzeko. Dokumentazio prozesuan aztertu dugu, ezeren gainetik, isiltasun handia dagoela gaiarekin, eta bilatu ditugun hitzak oso zehatzak dira.
Beraz, errealitateari so egiteko modu bat da eta, bestalde, pelikulako tonua markatzen du. Helburua da bakoitzak bere bidaia egitea Jonerekin batera, zalantza eta isiltasunen itsaso sakonean.
Esperoa dateke pelikularen beste protagonistetako bat. Nola egiten zaio aurre ezer gertatzen ez dela pantailaratzeko erronkari, jendeak gauzak gertatzea espero duen arte batean?
Ibarguren: Gazteak izanik eta arteari begiratzeko diogun konpromiso eta begiradatik, gauzak aldatu edo moldatzeko behar bat sentitzen dugu; are gehiago, gaur egungo egoeran.
Pelikula hau ikustea exijentea izan daiteke jende askorentzat; ez gaude ohituta libre gida gaitzaten uztera. Dena dago neurtuta, zer eta nola egin. Horrek kontsumo mota batera garamatza, eta ezin dugu ahaztu azken urteetan gai hau nola jorratu duten: abentura, kaos eta heriotzen istorioak kontatzeko ahalegina egin dute, dena letra larriz jartzekoa, eta morbo interesatua gailendu da.
Guk denbora gelditu dugu, eta zauriei erreparatu.
'Negu hurbilak'
Beste nonbaitetik eraiki da lan hau, beste asmo batzuekin. Zaurietatik egin dugun bidaia bat da, eta horrek ere beste irakurketa batzuk eskatzen ditu.
Pelikulan, badago beti zerbait gertatuko den esperantza, baina hori ez da inoiz iristen. Hari horri jarraitu diogu.
Gelditasun horren kontrakarrean agertzen dira herritarren eguneroko jarduna eta, irratiko zurrumurruan etengabe, ETAren jarduera armatuaren amaieraren berri, 2011n. Zergatik kokatu duzue istorioa une horretantxe?
Ekain Albite: Gazteak ginela harrapatu gintuen garai horrek. Gure oroitzapenetan, momentu arraroa zen hura. Ekintza historiko garrantzitsu asko izan ziren, eta isiltasun handiarekin gogoratzen genuen.
2011 horretan murgildu nahi izan dugu, geure buruetan zegoen galdera ikur erraldoi horri erantzun nahian, ezjakintasunaren itsaso horretan ziurtasunen bat topatu nahian. Baina isiltasuna izan zen gure aurren aurkitu genuena. Eta hori da film hau ere: isiltasun horren inguruko hausnarketa eta gerturatzea.
Isiltasunari laguntzen dioten irudi segida oro har geldoan, pelikularen 16 mm-ko testuran bezala, edertasunaren bilaketa dago. Zer toki ematen diozue edertasunari, zuen zinemagintzan?
Albite: Edertasunaren inguruan asko jardun ginen hizketan, eta isiltasun eta geldotasun horrek bere baitan gordetzen zuen edertasunak harrapatu gintuen; geldotasun horretan zegoen isiltasunaren aurreko erantzunik handiena, zeren eta kontatu nahi genuenak zerikusi handia baitzuen geldotasunarekin, batzuetan izoztera iritsi zitekeen geldotasun horrekin.
Filma ere horretara egokitu behar zen. Gatazkaren zaurietan izoztuta gelditu zen pertsonen inguruko filma egiteko modurik egokiena zela iruditzen zitzaigun.
Jone Laspiur aktorea, 'Negu hurbilak' filmatzen ari zirela
Filmaren lehengo ekitaldian, irudi estatiko batzuk agertzen dira; ondoren, fikziozko istorio dramatikoa dator; eta, azkenean, estilo dokumentalera lerratzen da kontakizuna, Zubietako inauteriak erakusteko. Zer dela eta hiru ekitaldiko banaketa hori?
Albite: Filmak gorputz desberdinak hartzen ditu, eta guztietan egokitzen da istorio narratibora. Hasieran, filma mugituagoa da: pertsonaiarekin batera iristen gara herrira, hura mugitzen duten aldi orotan harekin batera joaten gara.
Ondoren, pertsonaia ihesaldi horretan galtzen hasten da, eta gero eta abstraktuagoa bilakatzen da itxaronaldi hori, hor dator geldialdia. Izozte prozesu bat da: denboraren linealtasuna guztiz itxuragabetzen da, paisaiaren behe-lainoan galtzen doa. Ikuslea ere paisaia horietan galtzen da, zentzu batean.
Azkenik, isiltasun eta geldotasun horretatik guztitik ihes egiteko, inauterietako orroa iristen da, metatutako hori guztia askatzeko beharrezkoa. Barruan gordetako zauri guztiak, errepresio hori guztia, antzinatik datorren oihu horretan biltzen da.
'Negu hurbilak'
Inauteria aipatu dugula, Zubieta herriak eta bertako herritarrek itzal handia dute filmean. Zergatik aukeratu zenuten herri hori eta nolakoa izan zen herritarrak istorioan txertatzeko eta filmaketa haiekin egiteko prozesua?
Albite: Film honen prozesuak gure bizitza aldatu duela esan genezake. Zubieta ezagutzeak eta bertako jendeak haien bizitzen eta bihotzen ateak irekitzeak eraldatu egin gaitu. Beste bizimodu batekin egin dugu topo, espero ez genuena inondik inora.
Bat-batean iritsi zitzaigun, eta indarrez heldu genion. Guk aurretik bizitzaren inguruan genituen ideiak ere eraldatu zituen, eta hamaika kontraesanetan murgildu gintuen. Filmean bertan ere igartzen da herriarekiko eta haiek bizi dutenarekiko gure maitasuna.
Filma egitea ederra izan da, baina filmarengatik bizi esperientziak izatea eta lagun berriak lortzea, hori ikaragarria da.
"Ez nau izutzen negu hurbilak / uda betezko beroan / dakidalako irauten duela / orainak ere geroan", diote Xabier Leteren hitzek "Negu hurbilak" / "Neguaren zai" kantuan. Zinema zer bizi duzue gehiago, oraina geroan iraunarazteko tresna moduan ala orainetik geroak irudikatzeko tresna gisa?
Albite: Negu hurbilak filmak badu berezitasun handi bat: 2011. urtean girotuta egon arren, gaur egunetik egindako filma izan da. Horrek aukera eman digu denbora honetan guztian bizi izan ditugun zauriak nola orbaindu diren ikusteko.
Isiltasuna da nagusi, gai horren gainean, bertan izan zen jendearengan. Tabu hori hausteko ere balio izan du. Gaurkotasunetik iraganera jauzi egiteko, eguneroko hurbilean bizi ditugun egoerak ulertzeko, iraganetik.
ETAren ondorengo aldi honetan, zer toki edo zeregin aitortzen diozue zinemari eta arteei oro har, garai horren kontaketan eta gatazkaren errelatoan?
Ibarguren: Bakoitzak ikusiko du nondik eta zer kontatu nahi duen.
Ekainek eta biok sentitzen genuen kontatzen ari ziren istorio gehienak oso hutsalak zirela, atzean interes asko zegoela produktu bat egiteko eta errelato jakin bat zabaltzeko.
Honen parte garenez gero, geurea geure moduetan kontatzeko ausartak izan behar dugu, nahiz eta badakigun hautu horretxegatik soilik bidea oztopoz beterik egon daitekeela.
Estatu mailako elkarrizketa guztietan galdetu digute ea zergatik zen garrantzitsua guretzat gai honekin lan egitea, ea hain gazteak izanik nola ausartu garen gai hau jorratzera.
Beste askori eskertza egiten diete zuzenean gaia hautatzeko ausardiagatik. Gauzak, tamalez, horrelaxe daude.
Beraz, guk ez baditugu kontatzen gure barrua astintzen duten istorioak, arrisku handia dago kanpotik etorriko diren superprodukzio erraldoiek zer egingo duten. Denean daude interesak, eta horren kontziente izatea pausu handia da geurea gehiago baloratu eta babesteko.
Horren falta handia ere badago agian, zurztasun sentsazio gailendu bat sumatzen dugu industriaren barruan. Eta hori oso tristea da.
Jone Laspiur, 'Negu hurbilak' filmean
Lehen esperoa aipatu dugu, eta zuek ere egon behar izan duzue zain, filma abuztuan Locarnon erakutsi zenutenetik publikoak pelikula aretoetan ikusiko duen arte. Nola bizi izan duzu itxaronaldi hori?
Ibarguren: Prozesu oso luzea izan da, egia esateko. Duela hiru urte hasi ginen prozesu honetan.
Hasieran, eskolako film labur bat zen, baina hamar gazteren erotasun eta gogoek zailtasun guztiak gainditu zituzten pelikula bat egiteko. Orduan geneuzkan baliabideekin ezinezkoa zen pelikula bat egitea, baina nolabaiteko konfiantza bat zegoen gure artean zerbait oso potentea izango zela.
Horretatik guztitik, ordu eta erdiko film batekin atera ginen. Zinema industrian sartzera behartuta geunden. Inoiz eman gabeko pausoak eman ditugu, korrika bizian, eta horrek nekatu egin gaitu.
Pelikula hala hola amaitu, eta Locarnoko proposamena iritsi zitzaigun, beste jaialdi batekin sinatzeko zorian geundela. Amets bat izan zen nola hartu zuten pelikula, nola tratatu gintuzten eta zenbat ate ireki dizkigun.
Luzea egin da zinema aretoetara iristeko bidea, eta are luzeagoa, jakinda oso pelikula txikia eta xumea dela. Baina bitartean munduko jaialdietan egiten ari garen bidea zoragarria izaten ari da. Aurten ere jaialdiz jaialdi ibiliko gara, eta kanpotik iritsi zaigun guztia liluragarria izan da.
Gogotsu gaude hemen erakusteko eta aretoetara joateko, baina badakigu filmaren toki naturala ez dela hau. Ameslariak gara, baina belarritik tiratzen diogu elkarri hankak lurrean mantentzeko eta proiektuaren benetako errealitatea inoiz ez ahazteko.
Nola ikusi ahalko da filma zinema aretoetan?
Ibarguren: Jatorrizko bertsioan ikusiko da. Beti izan da horrela. Munduan zehar dabil filma, eta ingelesezko azpitituluekin eman dugu beti.
Zoragarria da euskarak hemendik kanpo zer toki duen: jendea maitemindu egiten da, eta pelikulari zentzua ematen dion beste sustrai garrantzitsu bat da.
Lantaldea Zubietan, 'Negu hurbilak' filmatzen
Zer esango zeniokete pelikula ikustekotan denari eta zer etorkizun opa diozue Negu hurbilaki?
Ibarguren: Ezer gutxi daukagu aurrez esateko. Aipatu dugunaren harira, guk harritxo batzuk jarri ditugu errekan, publikoak gurutza dezan. Interesgarriena da bakoitzak nola egiten duen bere bidea.
Batzuetan dena emanda izaten du publikoak, eta irentsi besterik ez du egin behar. Ahaztu egiten gara prozesu guztiaz, eta tontotzat hartzen dugu beste aldean dagoena.
Filmak zerbait ona izan badu, hori da orain arte oso jende gutxi gelditu dela indiferentziaz.
Eta etorkizunari buruz, bada: gu itsasoko arrain txikienak gara zinema aretoetan. Hortik egin behar dugu bidea.
Kanpoan, pelikula asko ari da mugitzen, ilusio handia egiten diguten jaialdietan, eta bereziki motibatzen gaitu bide horrek. Ez dauka preziorik egin duzun lana munduan zehar baloratzen dutela ikusteak.
Baduzue beste proiekturik esku artean Negu Kolektiboa osatzen duzuenok?
Ibarguren: Deskantsua bermatu dugu orain. Baina bizi izan dugun guztiarekin, damu izan dakiguke parean daukagun trenera ez igotzea, luzera begira.
Albite: Trena hartzea ere bai, agian… Batek daki.
*Ostiraletik aurrera, Negu hurbilak ikusgai egongo da: Iruñea (Golem Yamaguchi), Donostia (SADE Principe), Bilbo (Golem Alhondiga eta Multicines), Gasteiz (Florida aretoa eta Gorbeia zinemak), Portugalete (Dock Cine), Oñati, Durango (Zugaza aretoa), Villabona (Gurea antzokia), Doneztebe, Zumaia (Aitamari), Legazpi, Madril (Cineteca), Bartzelona (Zumzeig Cinecooperativa) eta Valladolid (Cines Brodway).