Itxi

Filmatzea

"Faisaien irla" film luzea filmatzen hasi dira Bidasoaren ertzetan

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Asier Urbieta zuzendariaren lehen film luzea mugaren kudeaketa dramatikoan girotuta dagoen "mugako thrillerra" da, Jone Laspiur eta Sambou Siaby ditu protagonista eta euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz ari dira filmatzen.  

Asier Urbieta, Sambou Siaby eta Jone Laspiur, filmatzen. Argazkia: ©Nicolàs de Assas.

Irunen, Hendaian, Donostian eta Baionan errodatuko dute Faisaien irla Asier Urbietaren lehen film luzea, zeinetan EITBk parte hartzen baitu, sei astean.

Andoni de Carlosekin (Handia) batera idatzia, euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz filmatzen ari dira, protagonistak direla Jone Laspiur (Akelarre, Ane eta Negu hurbilak bihartik aurrera zinema aretoetan ikusgai egongo dena) eta Sambou Diaby debutaria. Gainera, Itziar Ituñoren eta Josean Bengoetxearen kolaborazio berezia ere badu pelikulak.   

Faisaien Uhartea ibai uhartetxoa, munduko kondominio txikiena, Bidasoaren bokalean dago, azken urteetan Irun eta Hendaia arteko muga gurutzatzear zirela hainbat pertsona hil diren kokagunean.

Hain zuzen ere, pelikulan, hilotz bat agertuko da Faisaien Uhartean, eta horrek hankaz gora jarriko du Laida eta Sambou Bidasoako mugan zoriontsu bizi den bikotearen bizimodua.

Gidoilarien hitzetan, "Faisaien irla pisu emozional handiko thrillerra da, eta mugen zentzugabekeria eta eragiten dituzten giza ondorioak ditu kontagai. Gaur egun Bidasoaren ertzetan gertatzen ari den errealitate bat erakusten du film honek: azken urtean, hamar bat pertsona desagertu dira bertan Frantziara pasatu nahian".