Donostia
"El salto" Benito Zambranoren filmak irekiko du Giza Eskubideen Zinemaldia
N. V. | EITB Media
Gainera, Amaia Merinok eta Ander Iriartek film berri bat aurkeztuko dute Donostian apirilaren 12an abiatuko den zinema jaialdian.
El salto Benito Zambrano zuzendariaren filmak inauguratuko du, apirilaren 12an, Giza Eskubideen Donostiako 21. Zinemaldia.
Apirilaren 12tik 19ra egingo dute zinema topaldia, Victoria Eugenian nagusiki eta Antzoki Zaharrean, eta migrazioa, lana, memoria, haurtzaroa, sexu askatasuna eta gerra hartuko dituzte hizpide, besteak beste, hilaren 21era arte ikusgai egongo diren filmek.
Benito Zambranoren filmak Marokotik Espainiara iritsi nahi gorrian ari den pertsona baten istorioa du kontagai.
Sail Ofizialaren barruan, Amaia Merino eta Ander Iriarte zinemagileek Indakeriaren oi(h)artzunak filma aurkeztuko dute. "ETAk bere familia bahitu eta Estatuak aita torturapean hil eta 40 urtera, Tamara Muruetagoienak familiaren tragedia kontatu du: iraultza zerga, ETAko talde batek 17 egunez bahitu izana, ondoren familia desegituratzea, Estatuko makineriaren jazarpena, presio politikoa, epaiketa, aita eta amaren atxiloketa, torturak, hilketa...", aurreratu dute jaialdiaren antolatzaileek pelikular horri buruz.
Sail horretan ikusgai egongo dira After work lanaren etorkizunari buruzko pelikula, Bye Bye Tiberias memoriaren transmisioari buruzkoa, Green border Agnieszka Hollanden lana, Matronas emaginei buruzko pelikula, Photophobia Ukrainako gerra eta haurtzaroa uztartzen dituen istorioa, Sobre la hierba seca eta Woman of… poloniar transexualen eskubideei buruzkoa.
Tabakaleran, Zinema eta Memoria zikloa programatu dute, eta ikusgai izango dira La madre de todas las mentiras (Asmae El Moudir), Dieu est une femme (Andrés Peyrot) eta Subject (Jennifer Tiexiera).