Itxi

Apirilak 12-19

"Nina" Andrea Jaurrietaren filmak itxiko du Giza Eskubideen Zinemaldia

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Donostiako zinema jaialdiak Fernando León de Aranoa zinemagileari emango dio aurten sari berezia, bere ibilbide osoa ohoratzeko. "Indarkeriaren oi(h)artzunak" eta "Muerte en Amara" euskal ekoizpenak jaialdian estreinatuko dira.

Patricia Lopez Arnaiz da "Nina" filmeko protagonista

Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldiak 21. edizioa abiatuko du apirilaren 12an, Victoria Eugenia antzokian, eta osasun mentala, Palestinako egoera, migrazioak, lanaren etorkizuna, Ukrainako gerra, sexu eskubideak eta giza eskubideen hamaika urrapen proiektatuko dira pantailetan zortzi egunez.

El salto Benito Zambranoren filmak irekiko du zinema jaialdia, eta inaugurazio saioan bertan Fernando León de Aranoa zinemagileak (Familia, Barrio, Los lunes al sol, El buen patrón…) jasoko du aurtengo sari berezia, bere ibilbide osoari egindako aitortza gisa.

45 film, 26 luze eta 19 labur, programatu dituzte guztira, eta Nina Andrea Jaurrietak zuzendutako filmak (EITBren parte-hartzea du) itxiko du zinemaldia, apirilaren 19an Victoria Eugenian, itxiera galan. Euskal zinemari dagokionez, Indarkeriaren oi(h)artzunak (Amaia Merino, Ander Iriarte) eta Muerte en Amara (Aitor González de Langarica, lehiaketatik kanpo) film luzeak (EITBren parte-hartzea dute horiek ere) Sail Ofizialean izango dira, baita Anteparaiso (Koldo Almandoz), Europe (Ekain Irigoien), La mujer ilustrada (Isabel Herguera) eta Puzzleak (Bortxaketaren jauregia) (Kote Camacho) film laburrak ere, beraiei dagokien lehiaketan ere.

Halaber, Luces en sombra Ione Atenearen filmaren emanaldi berezia izango da, Antzoki Zaharrean.

Guztira, hiru sari emango ditu zinema jaialdiak, ohikoa duenez: film luze onenaren ikusleen saria, film labur onenaren gazte epaimahaiaren saria eta Amnesty International saria.

45 pelikula horien emanaldiak ez ezik, umeentzako proiekzioak, erakusketak, solasaldiak, mahai inguruak eta palestinar film laburren saioak ere izango dira Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldian.

Sarrerak (5 €) eta doako saioetarako gonbidapenak ostiralean, apirilak 5, jarriko dituzte eskuragarri, 11:30etik aurrera, Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugenia antzokiko leihatiletan eta Internet bidez.

Albisteak (1)